Kosta zaio iristea maiatzaren 25ari. Hemen da, azkenik; joan dadila albait arinen. Besterik ez bada, euskal telebista bere onera —edo bere txarrera— itzultzeko. Urtea luze egin da, gogorra, batez ere egun seinalatuen inguruko egunetan. Ezen hasten den guztia bukatzen omen da, nahiz bukaera hori sekula iritsiko ez dela dirudien sarri. Gaur, ordea, bukatu egingo da Athleticen denboraldia, Espainiako Kopako finalarekin. Egia da irabazten badu uberak iraungo duela, zer, asteburua? Datorren astea ere bai? Gauzak gozatzen baitira gauzatu aurretik, bitartean eta ondoren baino gehiago. Gainera, gauzatu ondorengo sentsazioa arraroa da, iheskorra, ez gutxitan horror vacui moduko bat. Athleticek galtzen badu, hori ere ez, bihar hitz egingo da juxtu, baina zaurian hazka handirik egin gabe. Eta gero, bakea. Eta Eurokopa, baina hori diferentea da —bai? Seguru?—. Onenak irabaz dezala gaur gauean, beraz, edo Athleticek bestela.
Eta urte gogorra izan dela esan dugu, motiboekin, ez pentsa. Egun seinalatuen inguruko egunetan, eman begirada bestela aste honi —euskal telebista Athletic telebista birbataiatzeko modukoa—: astelehenetik, gauero, Athletic Directo saioa eman dute ETBK Sat katean, taldearen azken ordukoarekin. Hainbat partida historiko eman dituzte kate berean: 87ko Athletic-Barça eta 88ko Barça-Athletic astelehenean; asteartean, 93ko Athletic-Barça; 97ko Athletic-Barça asteazkenean; eta 2001eko Barça-Athletic atzo. ETB1, ETB2 eta ETBK Sat kateek gaiaren inguruko dokumental eta erreportaje sorta eman dute. Eta gaurko egunean tratamendu berezia emango dio ETBk Athletici, Reyes Prados eta Juan Pablo Garzonek gidatutako Euskadi directo-rekin eta Jose Ituarte buru —soil— izango duen kiroletako taldearekin.
Nekagarria, oso, idaztea bera ere. Eta urtea joan da hala, orain, bukatzear dela, ahazteko puntuan badugu ere.
Eskerrak Esperanza Aguirrek-eta apur batean gatzatu diguten kontua. Franco ere txistukatu omen zuten behin, ez zen partidarik bertan behera utzi. Bistan da batzuk oraindik Franco haren mailan daudela —zaila ez dena, bide batez—. Okerrena, guk, zintzo-zintzo, espektakulu horretan parte hartzen dugula. Espero dudan bakarra da —eromen hau bukatuta, horror vacui-a gorabehera—, atzera begiratu eta egindakotik irakaspenen bat ateratzeko kapaz izatea.
Komunikazioa. Ekografiak
'Horror vacui'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu