Eskerrak telebistak babesten gaituen Siberia aldeko tenperatura hormatuetatik. Sofan jausi, manta azpian sartu sudurreraino eta kanala aldatzeko baino ez ateratzea eskua. Tamainako plazerik ez da. Larunbat arratsaldea pasatzeko, adibidez, aspaldi handian egin gabeko gauza bat egiten: Hitzetik Hortzera bertso saioa ikusten. Bi motibogatik. Batetik, bertsoaren mundura gerturatzen ari direlako aurretik kritiko ziren hainbat lagun itzaltsu —Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalera joanez, adibidez—. Eta bestetik —eta honek zerikusi handia du saioak pasa den astean erabilitako propaganda amuarekin—, Jesus Egigurenen adierazpenak entzun nahi nituelako, osorik, ea ETB1i buruz aurreratu zigutena zertan zen.
Ikusi nuen, bada, larunbat bazkalosteko Hitzetik Hortzera, bero-bero, digestioa egin bitartean. Egigurenenak jarraitu nituen batez ere, azkenaldian ohi duen antzera, esan zituelako adierazgarriak. Ez esan zituenak zirelako bereziki berri, desberdin edo asaldagarri; nork esaten zituen kontuan hartuta ziren adierazgarri, zein kargutatik esaten ziren jakinda: Euskadiko Alderdi Sozialistako presidentea da Egiguren, Eusko Jaurlaritzako agintean den partiduarena. Eta esan zituenak ez datoz bat, bistan da, alderdiaren lerro nagusiekin, beste kuku batek joko bailuke hartara. Baikor agertu zen gatazka politikoak hartu duen bidearekin. Adiskidetzea azkar gertatuko dela aurreikusi zuen, gutxi garelako, denok gaudelako nahasirik. Esan zuen ez duela agian Euskadi (sic) independente bat ikusten, baina Euskal Herria (sic) entitate bezala egitea posible dela, ezer puskatu gabe. Eta Nafarroarekin obsesionatuta «bizi izan garela» —EAEkook pentsatzen dut—. Eta izatekotan «gu sartu beharko ginatekeela Nafarroan eta ez Nafarroa sartu nahi izan periferian». Bai, bai, «periferian» esan zuen. Ezta Nabarraldekoa balitz ere.
Baina, ETB1i dagozkion adierazpenak interesatzen zaizkigu guri hemen. Saioak pasa den astean amu gisa erabili zituen irudiez aparte, askoz gehiago ez ziren izan. Egigurenen ustean, gaztelaniazko kate guztiak kendu beharko lirateke, eta euskarazko kate bat eta kalitatezkoa sortu. Eta Suriori ere esan ziola hori goiz horretan bertan. Ez da lehena hori adierazten, noski. Ez da azkena izango ere, noski. Baina hemendik arrazoi osoa duela esatea baino ez zait geratzen niri.
Komunikazioa. Ekografiak
Hotzetik hitzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu