Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Hungaria gurean

2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Hungariaz gauza pare bat, erronka jo eta aparra apaldu aurretik. Konstituzioaren erreforma egin berri du Orban presidenteak, herriak eskuzabal emandako gehiengo absolutua profitatuz: bere neurrira moldatu du hauteskunde legea, prentsa-telebistak kate motzean lotu ditu, epaileak exekutiboaren manupean jarri, Banku Zentralari autonomia guztia kendu dio. Hungaria faxismoarekin lerratzen ari dela diote demokrazietako hedabide onpentsalariek.

Ondo. Kontua da erreformak aurkako ahotsak harrotu dituela eta manifestazioan bildu zirela milaka lagun joan den astean. Itsosupetekoa izan zen hura ere, kolosala, 100.000 pertsona elkartu ziren Budapest hiriburuko karriketan (16.500, La Gaceta-ko autobusen arabera). Guri interesatzen zaigun eremura etorriz, galdera: nola eman zuen berria telebista publikoak? Bada, kale hutsak agertuz, iluntasuna baino ez zuten paisaia mortuak erakutsiz. Kilker hotsen bat sartzea baino ez zitzaien falta izan, kri-kri. Hungarian, baina, bada beste telebista katerik (oposizioaren esku, edo kontrolpean), eta horiek erakutsi zituzten etorbide jendez mukuru beteak.

Inor gutxik hartu ninduen seriotan, baina tarteka komeni da Hungaria aldera begiratzea. Telebista kate ofizial bat, tamainako manifestazio baten aurrean isilik; ba ote oraindik Europar Batasunean? Ez, jaun-andreok, ez da telebista kate ofizial bat. Bi dira gutxienez. Hartu bestela ETB eta ikusi zer egin duen Bilboko manisfestazioarekin. Hori bai izan dela itsosupetekoa, erridikulu kolosala. Eguerdiko informatiboak merkealdiekin hasi (4' 20—), manifestazioaren aurkako ahotsak gero (1'), aldekoak ondoren (30—), eta ETAren biktima biren bideoa jarraian (1' 40—). Gauekoan jendetzaren irudirik ez, antolatzaileen hitzik ez, Amaiur alderdi gisa aurkeztu EA, Alternatiba, Aralarren ondotik, berriz eguerdiko biktimen bideoa azkenik. Tumatxa. Manifestazioa hartz arrearen salbazioa eskatzeko balitz ere, ezin da modu horretan isilarazi, 100.000 lagun biltzea lortzen badu. Eskerrak gurean ere, modu apalagoan, Hamaika TB dugun eta, konexio akatsak gorabehera, erakutsi ziguten igandean Bilboko kaleetan gertatutakoa.

ETB Hungariako telebistaren pare aritu da asteburuon. Eta ez ahaztu Hungaria faxismoarekin lerratzen ari dela diotela demokrazietako hedabide onpentsalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.