gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Hurrengo geltokia

2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Digitalizazio olatuak bizitzaren arlo guztiak bustitzen ditu. Espero ez zen eremuetan ere digitalizazioak edo horren eraginak aldaketak eragiten ditu. Lehen kopiatzen edo errepikatzen zailak ziren elementuak gero eta errazago erreplika daitezke. Nahikoa da horiek digitalki prozesatzeko aukera eta horiek birsortzeko materialak eta gailuak izatea.

Lehen prozesu eta makinaria industrial bidez egin zitekeena gero eta errazago eta merkeago egiteko aukera ematen duten 3D inprimagailu, laser moztaile, hardware programagarri eta beste proba edo esperimentazio faseetatik ateratzen ari dira, eta jada zenbait proiektu eta ekimen aurrera eramateko aukera erreala dira. Horien guztien oinarrian digitalizazioa dago. Ezagutza, prozesu digitalen bidez forma eman eta birsortzeko aukera hain zuzen ere.

Hurrengo geltokian, gailuak eta baliabideak merkatzen doazen bezala, nanoteknologia arloan ere, ia atomoetako eskalan gauzak sortzeko aukera izango da. Nanoteknologiaren eremuan, beraz, orain aipatutako horietan gertatzen dena gertatuko da.

Urrun daude oraindik Neal Stephensonen The Diamond Age: Or, A Young Lady's Illustrated Primer liburuko materia konpilatzaileak. Gailu nanoteknologiko horiek, molekulak barreiatzen dituzten hodi batzuetatik molekulak jaso, eta, sartutako programaren arabera, eskatutako objektua sortzen dute. Materia konpilatzeko eta deskonpilatzeko aukeraren ondorioz, zaborra ez da ia existitzen, berez edozein materia zati preziatua eta erabilgarria baita.

Bide berri horien inplikazioak ikusteko daude oraindik, baina argi dago zientzialari eta industria handien esku esklusiboki zegoena gero eta sozializatuago egongo dela. Ezagutza eta baliabide minimo batzuekin milaka pertsonak aukera horiek baliatu ahal izango dituzte, onerako eta txarrerako.

Urrun gaude, bai, baina gure jendartean digitalizazio prozesuak sortutako aldaketak handiak iruditzen bazaizkigu, gure bizitzan zuzenean eragingo dute. Zuzenean diodanean, gure gorputzei buruz ere ari naiz. Teknologia horiekin, besteak beste, molekulekin jolastu, zuntzak sortu eta gorputz zatiak eratu ahal izango ditugu. Bio hacker komunitateak lanean daude jada; beharbada, horietatik garrantzitsuena http://diybio.org da. Hurrengo geltokia badakigu zein den; bidean zer aurkituko dugun ez dakigu, baina trena martxan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.