santi leone
Maratila

Igogailuan

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Istorioa etxe bateko igogailuan gertatuko da, eta hiru pertsonaia izanen ditu. Inor ez mintzeko, izen arruntak aukeratuko ditugu, benetako jendearekin deus ikustekorik ez dutenak. Lehen pertsonaiari Yolanda deituko diogu, eta etxeko presidentea izanen da. Bigarrenak Sergio du izena; ados dago beti Yolandak erraten duenarekin, eta, horregatik, zenbaitek begitan hartua dute (Golum deitzen diote gainerako barrideek). Beñi izanen da hirugarrena, Beñi (euskara irakasle).

Demagun, bada, etxeko igogailuan suertatu direla elkarrekin. Guru baten aholkuari jarraiki, baina, ez dute eguraldiaz mintzatu nahi. Halako batean, Yolandak, Beñiri begietara so, zera bota du, gai egokia delakoan: «Nolakoak zareten abertzaleak, beti historia desitxuratzen. Gipuzkoarrak izan ziren benetan Nafarroa konkistatu zutenak». Erasoak ustekabean harrapatu du Beñi, baina indarrak bildu eta arrapostua eman dio Yolandari: «Et, et, et, gipuzkoar horiek nafarrak ziren». «Nola nafarrak?», ihardetsi dio Yolandak, «hemengoak ziren nafarrak». «Hemengoak? Beamondarrak espainolazo hutsak ziren». «Beraz, nafarrek Espainia konkistatu zuten?», ausartu da Sergio, beti bezala ja ere ulertu gabe. «Nik Nafarroa defendatzen dut», erran du Yolandak. «Nik ere bai», gehitu du Beñik. «Eta ez Euskal Herria, entelekia hori», Yolandak. «Euskal Herria, jexux!, Kulturalismo hutsa da hori», Beñik. Bat-batean, hari musikalean «Love is in the air» hasi da aditzen.

«Ene», egin du hasperen Sergiok, «banoa Sonrisas y lágrimas musikala ikustera, hemen norbaitek beharko baitu kultura sustatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.