Hasitako lana bukatzeko: ikusi ditugu azken bi Euskadi pregunta saioak, Patxi Lopezi asteazkenean eta Iñigo Urkulluri ostegunean egindako elkarrizketak —hemen ez dugu inor arraza, sexu edo ideologiagatik diskriminatzen, nahiz akaso inoiz hasi beharko genukeen—. Saioaren formatua bera jarri genuen zalantzan asteko lehen zutabean, asteartekoan. Ekuazio sinplea zuen: herritar bat —sator edo ez—, galdera bat. Galdera bat, eta hortik aurrerako bariazioak, zero, ez dira onartzen: ezin berriz galdetu, ezin eztabaidatu, ezin erreplika eman.
Basagoitiz esan zen, haren sokako galdetzaileak zeudelako mordo bat herritarren artean: galdetegia ezin erosoago izan zitzaiola. Baina, lau elkarrizketak ikusita, esan daiteke galdetegiak berdin izan zirela eroso lehendakarigai guztientzat. Nola ez dira, bada, izango? Pentsa, denik eta galderarik makurrenari ere, izkin egin, ez entzunarena egin, ez erantzuteko aukera paregabea izan du elkarrizketatuak; eta inork ez dio eztulik egin. Ezin izan du, ez dute utzi. Elkarrizketa erosoagorik! Eta gertatu da, sarri gertatu da, lehendakarigaiak nola-halako erantzun bat emanez galdetzailearen kezka uxatu gabe utzi duela. Urkullu jaunak independetzia nahi al du, izan Euskal Herriarentzat, izan Euskal Autonomi Erkidegoarentzat?
Gero egia izango da herritarrek nahi dutena galdetu izan dutela, programakoek inolako eskurik sartu gabe. Sinesten diet. Baina ez legoke erabat gaizki esku pixka bat sartu izana tarteka, besterik ez bada elkarrizketatuari gai bera hiru aldiz ez planteatzeko. Internet bidez bidalitako galderak manipulatu dituzten, ordea, ez dakit: bidali ditudanetatik bakar bat ere ez dute irakurri gero platoan —eta ez dakit horrek nire elkarrizketatzaile ospeari nola eragiten dion—. Azken bi lehendakarigaien jardunari dagokionez, oraindik ez dut ulertzen nola Patxi Lopezen gisako pertsonaje bat izan daitekeen, ez bakarrik lehendakarigai, baizik eta jarduneko lehendakari ere. Eta konfirmatu ahal izan dugu Urkulluk gehiago duela robotetik hezur-mamizko gizabanakotik baino.
Laburbilduz, elkarrizketa formatu horrek ez nauela inondik ere konbentzitu. Nahiago dut etorkizunean orain arteko lehendakarigaien buruz buruko eztabaida lehor, mekaniko, aspergarriak egiten badira. Hartara zalantzarik gabe erabakiko bainuke zuzenean ez ikustea.
Komunikazioa. Ekografiak
Inondik ere konbentzitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu