Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

'Intontaintment'

2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Daitort, ez dut Euskadi directo ikusten. Ez dut sekula ikusi, eta ez dut sekula gehiago ikusiko. Baina astelehenean salbuespen bat egin nuen, gertutik hunkitzen nauen gai bat hartu zutelako hizpide: Hondarribiko Sainzigarrenea baserriko maizterrak bota nahi dituzte. 1907tik zaintzen dituen baserri lurrak kendu nahi dizkiote jabeek Gurutxet familiari, aurretik Maikinenea, Miserebea, Bekoborda eta Kostoneako maizterrekin egin zuten bezala. Zertarako eta baserri lur horiek inoiz iristen ez den balizko erosleren baten zain hiltzen uzteko. Ainharbeko Kako eta Berangoko Kukullaga Goikoa baserrien kasuak etorri zaizkit akordura. Berezitasun batekin: agian, hemen noizbait esan beharko genuke nork, noiz eta nola eskuratu zituen Hondarribiko baserri horiek. Eta zer pasarazi dieten izen-abizeneko jabeek bertan maizter izan diren familiei.

Egoera ezin injustuagoa baten aurrean, bide guztiak ibili ondorenean eta kanporatzearen aurka jarritako helegite baten emaitzaren zain, Euskadi directo-ren deiari erantzutea erabaki du sendiak. Dena galdua izateko arriskuan, jendeak jakin dezala, behintzat, zer gertatu den. Ulergarria zait. Besterik da Euskadi directo-z dudan iritzia, eta kaltetuari eman diezaiokeen laguntza. 1.000 saio bete zituen joan den astean, haien hitzetan, «gertuko errealitatea, jaiak, gastronomia, ohiturak edo Euskadiko kronika beltza» landuz. Joan den asteazkenean eman zuten atal berezian erreportaje zaharrak berritu zituzten: emakume baten hilketa bortitza, mutil baten heriotza Bizkaia Zubitik erorita, haur lapurtuen auzia, etxea utzarazitako lagunei buruzko konpilazioa. Baina asteleheneko saioa bera izan zen txiste handi bat: Sainzigarrenea baserriko aferaren ostean, San Prudentzioko barraskiloen inguruko berri bat eman zuten.

Eta Maria Gonzalez Gorosarrik bere blog gomendagarrian idatzi zuen hura etorri zait gogora: telebistak sortu dituen hibrido berri horien barruan kokatzen du Euskadi directo, Ni más ni menos bezala, gurean informazioa eta entretenimendua nahasten dituzten saioen eredu. Infortainment izena hartu dute horregatik, information eta entertainment. Informazioa espektakulu bihurtzen dutela, alegia. Baina salbuespen eginda astelehenean Euskadi directo ikusi ondoren, otu zait ez ote duten intontaintment izena ere, egoki baino egokiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.