Ane Muñoz.
Maratila

Inuzenteon kontura

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Autoaren asegurua ordaintzeko garaia iritsita, odol zurrupatzaile horiek 500 eurotik gora kendu dizkidate kontutik. Katxis, ez al da gehiegi, turbo diesel erdi ustel horrentzat? Gehiegitxo zelakoan, kargua atzera bota eta aseguru etxera joan nintzen, haserre. Garestiegia dela, aizue.

Orduan baieztatu ahal izan nuen ze aldea dagoen edozer gestio egiterakoan kasu egiten zaituztenen artean. Kasu honetan, idazkari surrealista batekin egin nuen topo. Bere enpresak kobratutako gehiegikeriarekin harrituta, beste aseguru etxeren batera joatea gomendatu zidan, irribarre zabala ezpainetan. Ein? Bi aldiz pentsatu gabe, bulegotik irten eta parean zegoen beste aseguru etxe batekin egin nuen tratua. Ia erdia ordainduta, hau lasaitasuna!. Handik gutxira berriz, lehengo aseguru etxetik gutun bat jaso nuen, oso serioa, mehatxuka. Nonbait, agentziaz aldatzeko asmoa bi hilabete lehenago iragarri behar zaie, eta, nik bat-batean utzi nituenez, 500 euro haiek ahalik eta azkarren ordaintzea nahi dute, neurri judizialak hartuko dituztela bestela. Ein? Orain bi aseguru ordaintzera? Gutuna hartu eta aseguru etxera itzuli nintzen, oso kezkatuta. Hantxe, aurreko emakume irribarretsu surrealista berak, nire izuaz jabetuta, gutuna eskutik kendu eta nire mutur parean apurtu zuen. «Kasurik ez». Ai ama! Paper zatiak zaborrontzira botatzen zituen bitartean, etxera lasai joateko esan zidan, berriro. Gero jakin nuen gutun hori badaezpada bidaltzen dutela, beti ba omen da-eta bezero inuzenteren bat izututa ordaintzen duena. Esan, fidatuko al naiz emakumeaz? Eta epaitegitik hitzordua iristen bazait, idazkari hark barre egingo al dit, oraindik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.