Marian Iriarte.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Itsasgarriak

2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gaurko zutabe hau idazten hasterakoan, lankide eta laguna dudan blogari batek bere blogean idatzitakoa ekarri nahi izan dut hona. Zeharo arrunta iruditzen zaizu ongi itxita dagoen poltsa bat arazorik gabe, tramankulu berezirik erabili gabe, ireki ahal izatea. Teknologia berria daramate bertan, «irekitzeko erraza dena», hain zuzen ere. Eta hori ez da hain gauza sinplea; alde nabarmena dago batzuen eta besteen artean: batzuk benetan irekierrazak diren bitartean, beste batzuk borroka sutsua eskatzen digute, guraizeak erabili gabe ireki nahi izanez gero. Azken finean, itsasgarri mota bat ala bestea dago horren atzean; itsasgarri horrek nahikoa indar izan behar du poltsa saldu bitartean bere horretan mantentzeko, ongi itxita, eta, aldiz, erabiltzaileak zabaldu nahi duenean, keinu sinple batekin erraz irekitzeko modukoa izan behar du.

Historian era askotako itsasgarriak egon dira. Beti bezala, hasieran naturak eskaintzen dituenak erabiltzen ziren. Betidanik, gizakiak gauzak elkarri lotzeko, itsasteko, beharra izan du. Kobazuloetako gizakiak jatorri naturaleko itsasgarriak erabiltzen zituen. Itsasgarri natural horiek animalien ileetatik, larruazaletik eta hezurretatik lortzen zituen, eta bere armak prestatzeko erabiltzen zituen. Mendeetan, almidoiaz egindako ahiak gauza asko eta asko itsasteko erabili izan da. Egiptoko faraoien garaian, esnetik lortutako kaseina itsasgarri moduan erabiltzen zuten. Marrazki bizidunetan agertzen den Elmer kola ospetsua gaur egun itsasgarrien arloan indar handia duen enpresa bateko lehen produktua izan zen, eta kaseinaz egina zegoen. Kolonen aurretiko garaietan, kautxua ematen zuten zuhaitzetako latexa erabili egiten zuten gauzak itsasteko. Arrain-kola beste adibide bat baino ez da; arrainen hezurrak eta larruak ur berotan tratatuz lortutakoa —aurreko mendeetan altzarien munduan oso erabilia—. Oraingoan ere erauzitako sustantzia (kolagenoa) polimero natural bat da.

Muskuiluak eta lanpernak harkaitzetara oso sendo heltzen dira. Oraingoan aminoazido bat, fenilalanina, uretan eta baldintza oxidatzaileetan sareatu egiten da. Jatorri naturaleko beste itsasgarri bat goma arabirra deiturikoa da. Akaziatik lortzen da, eta polisakaridoen nahaste bat da —galaktosa eta arabinosa beste batzuen artean—. Zuhaitzak berak itsasgarri hori bere azaleko zauriak konpontzeko erabiltzen du. Kola hori jan egin daiteke eta asko erabili izan da gominolak egiteko.

Arrazoi berberagatik urteetan erabili da postako zigiluetako itsasgarri moduan —jendeak mingainaz igurtzen baititu—. Kalera irtendako lehenengo zigiluan (Inglaterra, 1840), goma arabiarra erabiltzen zen. Gainera, itsaste prozesu hori itzulgarria denez, gutun-azala uretan jarriz gero, zigilua askatu egiten zen.

Baina, dena den, polimero sintetikoak erabiltzeak ekarri du iraultza itsasgarrien mundura. Egun, itsasgarrietan polimero sintetikoak erabiltzen dira, eta, horietan, bi familia nagusi bereizi behar ditugu: termoplastikoak eta termoegonkorrak. Lehenengoak beroaren eraginez biguntzen dira; termoegonkorrak, aldiz, tenperaturak edo beroak ez ditu biguntzen, egonkorrak dira neurri batean, eta hortik aurrera euren propietateak galtzen dituzte. Itsasgarrietan batzuk zein besteak erabiltzen dira, lehenengoen artean hot melt deiturikoak dauzkagu, hau da, itsasgarri hori beroaren eraginez itsatsita gelditzen da, eta gero indar handirik egin gabe itsatsitakoak erraz bereiz daitezke. Beste kasu batzuetan polimeroa bera in situ sortzen da, erreaktiboak jarri (monomeroa) eta polimerizatutakoan solido egonkor bat osatzen denez, xaflak edo bi aldeak itsatsita gelditzen dira. Termoegonkorren kasuan, aldiz, polimeroa dagoeneko sortua dago, baina orain beste substantzia bat gehitutakoan polimero hori sareatu egiten da, gogortu, eta sendoki itsatsita gelditzen dira bi aldeak.

Eta gure «irekitzeko errazak» diren horietara bueltatuz, patata frijituak gordetzen dituzten poltsa askotan polipropilenoa erabiltzen da (polimero termoplastikoa). Matxarda beroen artean jarrita, polipropilenoa bigundu eta ongi itsatsita gelditzen da poltsaren beheko eta alboko aldeak. Aldiz, irekitzeko lekuan beste polimero bat erabiltzen da, presiopean biguntzen dena, tenperatura gehiegi igo gabe, eta, horrela, errazagoa da bi aldeak bereizten, baina hor dago gakoa, nola lortu errazagoa izatea, bainan ez errazegia, eta ezta ere ezinezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.