gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Itsasoari begira

2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Oporrak itsasotik gertu pasa dituen horietako bat naiz. Itsasoa nire esparru naturaletako bat da, eta, jende askori gertatzen zaion bezala, baita inspirazio iturri ere. Zutabe honek berak Irlen sarea du izena; irlek (komunitateak, pertsonak, taldeak) eta horien arteko sareek itsasoa dute eremu natural. Gaur egun oso modan dauden hodeiek baino, itsasoaren eremu aldakor, dinamiko eta konplexuak hobe irudikatzen du gaurko garaia, baita etorriko diren aldaketak ere.

Itsasoarekin lotutako ipuin, mito eta utopia erromantiko asko dago. Piratak, irla misteriotsuak,altxorrak... horiek guztiak nire kasuan gauza berriak sortzeko inspirazio izan daitezke.

Helburu horri jarraitzen dio adibidez Seasteading (http://seasteading.org) institutuak. PayPaleko sortzailearen inbertsioarekin lagundutako institutu horrek nazioarteko uretan irla artifizialak sortu nahi ditu, gizarte eta ideia berrien laborategi moduan. Anarkokapitalismo kutsu handiarekin bada ere, irlek duten mitoaren eraberritze teknopolitiko bat balitz bezala uler dezakegu.

Proiektua erronka bat da arlo askotan: sozial, politiko, arkitektoniko... Benetako esperimentu bat izan nahi duen horrek komunitate sendo bat beharko du inguruan aurrera aterako bada. Ez da horrelako ideiak planteatzen diren lehen aldia, baina beharbada oraingoan posible izan daiteke.

Seasteadingek proposatzen duen eredu konkretuak baino gehiago, proposamenak zer pentsatu handia ematen dit. Irlak baino gehiago, gure herri eta hiriak etortzen zaizkit burura. Eskura ditugun esparruetatik hasita, esperimentatzeko baino gehiago, egitura sozial berriak eraikitzeko proposamenak pentsatzen hasteko. Zergatik ez askotan esan ohi den «estaturik gabeko nazioa gara» esaldia errealitate bihurtzen hasi. Seasteading fundazioaren helburua utopia horiek posible egitea da. Uste dut horrelako ideiak lantzen eta probatzen dituzten pertsonak egon beharko liratekeela, jendarte bizi bat sortu nahi badugu. Horregatik, aurtengo irlen sareetan prospektiba, esperimentazio eta analisi gehiago egongo da.

Ikasturte berri honetan, beraz, orain arte bezala teknologia eta horrek jendartearekin duen lotura zehar lerro izango dira, baina noizean behin horrelako proiektu berezietan arreta jarriko dut. Olatu bat kosta jotzean lehertzen den moduan, ideia berri horiek ere busti gaitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.