Maratila
Itzultze 3
Badakigu Bonaparte eta Uriarte Kantiketako Kantikaren itzultzeko Vulgataren bertsioaz zirela baliatu. Nahiz dion Lacombek Uriarte ez zela Vulgataren «menpe» (asservi ) izan. Beste itzultzaileek Bibliaren edizio ezberdinak zituzten erabili. Lacombek berak aitortzen duelarik batzuetan zaila dela aurkitzea beste itzultzaileak zein iturriz ziren baliatu. Bonapartek Duvoisini eskatu zion Bibliaren lapurterara itzultzea, dakigun bezala. Ordea, Kantiketako Kantikaren lapurterazko itzulpena ale berezi batean aterarazi zuen Bonapartek. Inprimararazi izan zituen 250 aleetarik bat bakarrik eginarazi omen zuen paper «lodian» (en papier épais). Bizkitartean, 1861ean Bibliaren itzulpenean agertzen den Salomonen Kantiketako Kantika leitzen delarik ohar daiteke, dio Lacombek, lapurterazko bertsio horretan sartu dituela Duvoisinek kanbiamendu berriak. Lacombek Duvoisinek erabili lapurteraz argitzen du ez dela Lapurdiko leku jakin batekoa. Behar da erran Lacombek miresten duela Duvoisinek egin lana, «haren hizkuntza eta estiloa zoragarriak» direla dio. Lacombek Sorbonan prestatua zuen programara itzul gaitezen berriz. Arbelan banan banan idatzi gogo ditu Bonapartek kudeaturik eginak izan diren itzulpen bertsio guziak. Hitzen ikerketa konparatiboa egin, ahalez haien kondaira ere. Ikusi ea hitza «euskalduna» den ala «kanpotik hartua», hots mailegua, izenkideak ea badituen (...il faudra prendre chaque mot en particulier et en faire une étude comparative, c'est-à-dire en faire la description et, si possible l'historique en se demandant s'il est vraiment basque on emprunté, s'il possède des synonymes...).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu