Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Izenean berean izana

2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hedabideei gogor erasan die krisi ekonomikoak. Egia da eltze askotan ez dela geratzen ia babarik, baina hedabideen gaineko notizia ez sobera itxaropentsuak etengabeak dira azkenaldian: honek murrizketa izan duela, horrek langileen erdiak dituela sobera, hark zarratu beharra duela. Berripaper honetantxe eman izan da hango eta hemengo hainbat hedabideren itxieraren kontu. Krisi ekonomikoari gehitzen badiogu garai bertsuan datorrela aldaketa teknologiko salbai bat, eta, ondorioz, ohitura aldaketa sakon bat, bada, ez da zail imajinatzen komunikazioaren sektorea itzulipurdikatze bidean dela. Eta, hedabideen barruan, egoera delikatua dute herri ekimeneko euskal hedabideek, zeinek publiko izan gabe zerbitzu publikoa duten eta, osoki publikotik edan ez, eta besteak baino egarriago diren.

Egoera gaitzari aurre egiteko, ordea, erabaki azkar bat hartu dute: batzea, elkartzea, bide berean bultzatzea. Eta orain dela egun gutxi aurkeztu dituzte sektorearen diagnostiko eta erronka komunak. Laburbilduz, aurrera begira azpimarratu dituzte negozio eredua, lan baldintzak, kalitatea, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana. Eta bost desafio: Interneten inbertsioa egin beharra; produktuen hobekuntza; berrikuntza eta ikerketa; elkarlana; eta erakunde publikoen laguntza politiketan eragitea. Batez ere, ez ditzaten hedabide gehiago itxi, Geu Gasteiz, Txaparro eta Nabarra aldizkariekin, Esan-Erran irratiarekin edota Ttipi-Ttapa telebistarekin gertatu bezala. Zazpi telebista eta telebista izan ez baina ikus-entzunezko edukiak lantzen dituzten hedabide batzuk daude sinatzaileen artean. Telebista txikiak denak, tokikoak ia gehienak, sarearen bidez Apatamonasterion eta Antananarivon ere ikus daitezkeenak. Ikus daitezke, bai, baina nola aurre egin BBC bati, nola iraun TF1 baten ondoan, nola bizi ETB batekin? Bada, gaitz, nire uste makalean, helburua bada horien aurka lehiatu edota horiek ordezkatzea, marrazki japoniarrak emanez, adibidez, edo inork ikusten ez dituen filmak. Kontrara, izenean berean dute izana; tokiko telebistak dira, gertukoak, kate handi gero eta berdinagoen aldean beste muturra bete beharko luketenak; kate handien kontraesanak agerian uzteko, besterik ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.