Dei nazazue aspergarri, antigoaleko, zaharruno, baina ni ez nago jada jai askotarako. Jada ez dut jendetza aguantatzen, ez arropa kalimotxoarekin zipriztintzea, are gutxiago mozkorren kalaka eternala. Ez nago jai askotarako, gehienik ere entzierroak ikus ditzaket zintzo, egunero goizeko zortzietan ttanko, telebistaren aurrean —eta ondoren hunkitu, errealizazioak eskaintzen dizkigun zaurituen irudi guzti-guztiekin—. Plazer handiagorik ez da. Baina hortik aurrera, ezer ez.
Alde horretatik asko eskertzen diot ETBri Euskal Herriko jaiak ni bezalako ozpinduei gerturatzeko egiten duen ahalegina. Yes we jai! hartu du aurten formulak izena, baina urte asko daramatza euskal telebista publikoak gizarte zeregin horretan. Eta ez dakit jaiak benetan jendearengana hurbiltzeko borondate fermua dutelako, edo programatzaileek jai egin nahi dutelako, baina egunean ez dakit zenbat aldiz errepikatzen duten programa, eta, beraz, ez ikusteko aitzakiarik ez da.
Hasieran, nire burmuin makurrari argi gorria piztu zitzaion: jaso genuen prentsa oharrean esaten zen «gure artean bizitzen denbora gutxi daramaten hiru atzerritar» izango zituela saioak protagonista; eta handik gutxira egin zituzten aurkezpenak: Argentinako bat, Poloniako bat eta, harrapazank, Ipar Euskal Herriko bat ziren pribilegiatuak. Berehala argitu zuten aldaketa: Joanes Passicot kuadrillaren gidari izango zen. Baina aurkezpen txartel gisara ez zen erabat gaizki egon.
A, eta zenbat momentu on eskaini dizkigun kuadrillak lehen emanaldi hauetan: izan dira espainiarren okupazioa ospatzen duen Irungo alardean; izan dira Bizkaiko abangoardia den Sestaon —bertako bost euskaldunetatik lau elkarrizketatuz; batek kale egin zien—; izan dira Euskal Herrian zegoenik ere ez nekien Haron; izan dira Portugaleten; eta izan dira, azken hiru saioetan, Iruñeko sanferminetan. A, baina zenbat momentu, Haron dagoeneko txinpartak ateratzen ziren Passicoten eta argentinarraren artean, poloniar gaixoa baztertuz osoki; Portugaleterako, barre egiten zioten bizkarrera. Eta eskerrak Iruñean morrosko bat jarri zioten, eta hirugarren atzerritar bat —edo laugarrena da?— , Nevadakoa (AEB). Ez harritu azken emanaldirako orgia bat oparitzen badigute.
Ai, gazteria. Dei nazazue zaharruno, irribarre bat marraztuko zait-eta aurpegian.
Komunikazioa. Ekografiak
Jai eta ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu