Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Jasangaitzak dira oso

2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Estreinako tanteo saioaren ondoren, lehen proba garrantzitsua izan zuen Reyes Prados kazetariak ostegun gauean, EAEko bozeramaile parlamentarioak ekarri baitzituen De boca en boca eztabaida saiora. Ez zen izan Urdangarin kasuarekin egindako saio hura, politikarik instituzionalena ardatz izan zuen eztabaida lodia baizik. Eta lehen lerroko pisu astuneko politikariekin gudukatu beharra, gainera. Segur aski, audientzietan ere islatuko zen aldaketa, joan den asteko datu txukunak ahaztuta, ikusle kopuru handi batek beste zerbaiten alde egingo zuela imajinatzen baitut.

Izan ere, aspaldi nengoen neroni, adibidez, gisa horretako eztabaida bat ikusi gabe. Hauteskunde kanpainako betekadaren ostean, ez dakit ni izan naizen horrelakoetatik ihes egin duena, edota telebistak eurak konturatu diren betekadaz, eta denboraldi batez halakoak programatzeari utzi dioten. Dena dela, eztabaida ikusten hasi eta berehala ohartu nintzen betekadaren zergatiaz: jasangaitzak dira oso, ez dira milimetro bat mugitzen ez politikariak beren diskurtsoetatik, ez saioa bere gidoi estutik. Ezustekorako, sorpresarako, benetako eztabaidarako tarterik ez dute eskaintzen. Eta bakarrik balio dezake eguneroko politikagintzatik kanpo dagoenarentzat, nolabaiteko bilana egin nahi duenarentzat, aktualitateko gai potilikoen ordu eta hiru laurdeneko laburpena baita azken batean.

Gatazkaren konponbidea deituko diogunarekin hasi ziren, eta ordubete luzea eskaini; nabarmenduko nukeen lehen gauza da alderdi guztietako ordezkari guztien artean izan zen giroa eta, neurri batean, adostasuna. UPDko mandeulia ez egoteak lagunduko zuen, baina, gutxi-asko, bakoitza bere ñabardurekin eta beren jarrerarekin, norabide bertsuan aritu ziren guztiak; akaso PPkoak errezelo gehiagorekin, baina ahots apalez erakutsiz bere desadostasuna. Eta eztabaidaren osaketa hasieratik biziatua bazen ere, ekarri zituzten ezker abertzale ofiziala deituko diogunaren adierazpenak.

Ekonomia kontuekin gehixeago berotu ziren, EAJ eta PSE bereziki, Urkulluk Jaurlaritza kiebraren atarian dagoela esan duelako. Eta Patxi Lopezen gobernuaren balantzeari eskaini zioten azken ordu laurdena. Reyes Pradosek gainditu zuen erronka. Baina, jaun-andreok, zein ezdeusak diren gisa horretako eztabaida politiko instituzionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.