Kaixo eta agur. Ematen du bi hitz horiexek erabiliko dituela gehien euskal telebista publikoak hemendik aurrera. ETB1 euskarazko kateak, gutxienik. Ezen moda berria ezarri baitu estreinatzen dituen telebista saio berriekin: emanaldi bakar bat egin eta ikusle datuen arabera jarraipena eman, edo eman ez. Broma egin nahi izanez gero, erraza dugu: ezinezkoa da ETB1en audientzia onik lortzea, hain dira txarrak oro har katearenak. Baina broma ez da hainbestekoa ere: katearen audientziak hain baxuak izanik, zer axola dio saio baten audientzia katearen audientziaren behetik egotea, parean edo gainetik egonda ere baxuak izango baitira? Eta alde positibotik begiratuta: audientzia baxu horiek ez dute ematen tarterik apustuei denbora eskaintzeko, lasaiago aritzeko, audientziekin hain pendiente egon behar ez izateko?
Berriz pasa da, eta inor gutxi ohartu da. Edo inor ohartu bada, ez du inork ezer esan, ahotsik altxatu, kexarik nimiñoena ere mahaigaineratu. Karrika korrika izena zuen saioak. Kaixo eta agur. Ez dute gehiago emango ETB1en. Ados, izena ez du akaso originalena —eta korrika egin zuten lehiakideek, alajaina—. Baten batek esan dezake ez dela munduko saio onena. Frantziako telebistako Fort Boyard saio dagoeneko mitikoa gogorarazi zidan urrundik, eduki erotikorik gabe, hori bai, eta euskaldunagoa —proba bat asto gainean zen, adibidez—. Berdin zait. Munduko saiorik eskasenak ere aukera izan beharko luke jardunaldi gutxi batzuetan proba egiteko. Eta saio bat hain bada txarra, lehenago pentsatu, eta aurreztu probako saioa ere, eta saioaren egileei egun batzuetako disgustua. Ez dut uste hain zaila denik.
Gertatu zen aurretik, aipatu genuen gurean. Inork badu esperantzarik Estitxu Fernandezek aurkeztu zuen Nomada Express haren atal berririk ikusteko aurtengo denboraldian? Benetan arraroa litzateke, jakinda aurten ez dela izango denboraldi txukun baino txukunagoa egin zuen Urko Aristiren Bizirik, adibidez. Eta hemendik aurrera, beraz, zer, tarteka agertuko zaizkigu pantailan beren geroa egun bateko datuen arabera jokatuko duten probako saio andana? Egun batean agertu-desagertu egingo diren saioak, inoiz ikusi ditugula gogoratu ere egin gabe? Hori izango da orain araua? Benetan eta serio, gauzak ezin dira beste modu zentzuzkoago, zuzenago batean egin?
Komunikazioa. Ekografiak
Karrikara korrika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu