Erronka jo zidan lagunak: baietz hamabost egunean Mohamed Meraheren irudiek argia ikusi —hiru apuntetxo hemen: lehena, Merah gogoratuko duzue, noski, Okzitaniako Tolosako ustezko hiltzailea bera, hungariar jatorriko presidenteak aljeriar jatorriko jendaila gisa definituko lukeena; bigarrena, dei gaitzazue bihotzgabe heriotza baten inguruko posturan aritzeagatik, baina ez gaitezen izan itxurati: pentsa Fragak zenbat diru mugituko zuen; eta hirugarrena, ez hamar, ez hogei, hamabost egun esan zidan lagunak, estatistikoki estudiatua izango balu bezala—. Kontua da gaur joan direla Merah hil zutenetik hamabost egun, eta irudiok ez direla oraindik argitaratu —ez dut ezer irabazi, haatik; ni ere argitaratuko zituzten ustekoa bainintzen, eta, beraz, posturarik ez baitzen izan—.
Bai, ordea, pozturarik, kontent egoteko modukoa baita Merah berak Al Jazeera kate qatartarrari bidalitako bideoak zabalpen jendaurrekorik izan ez izana. Egia da presioak gogorrak izan direla, hungariar jatorriko presidenteak, hasteko, baina baita biktimen senitartekoek eta Frantziako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ere eskatu baitute publikoki irudiok itzaletan gordetzea. Eta bideoak hau erakusten omen du: hilketak kronologikoki ordenatuak, musikarekin —Al Jazeerarentzat izanik, Fermin, agian?—, kantu erlijiosoak, Koraneko bertsoen irakurraldiak biktimen intziriak entzuten diren bitartean. Eta galdera da: zerbait gehitzen ote dio bideo horrek gertakariaren inguruan dugun informazioari? Zertan osatu, findu, zabaltzen dute gertakariaren inguruko teleikuslearen jakintza irudi horiek? Begien bistakoa da erantzuna.
Eta, hala ere, kasu honetan ez, baina beste zenbatetan eman dizkigute bortizkeria ekintzen ondorioak telebistan, zaurituak, mutilatuak, hildakoak, odol putzua zenbat eta handiagoa, hobeto. Kasu honetan ez, noski, gertuegi gertatu baita gertatutakoa, ukigarriegi, ia guri pasatu izan balitzaigu bezala. Eta gertuegi, ez soilik geografikoki, baita, nola esan, izpiritualki ere. Zenbatetan ikusi ditugu, adibidez, mairuak, haurrak ere bai —Okzitaniako Tolosako kasuan bezala—, eta ez zaigu giharrik nimiñoena ere inarrosi. Eta, tira, pozten naiz bideo hau telebistan eman ez izanaz, baina gauza bera exijitu beharko genuke biktimak bestelakoak direnean ere, hain gutarrak ez direnean.
Komunikazioa. Ekografiak
Kasu honetan ez, noski
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu