Athleticmania. Gipuzkoan jende askotxo dagoela nahiago duena Madrilgo Neptuno plaza piper potoz josita ikusi Bilboko Plaza Barria ikurrinez baino, hala adierazi zuen atzo Jose Mari Pastorrek egunkari honetan, eta zenbat arrazoi duen! Ez dugu ezer berririk deskubritzen zenbait kazetari gipuzkoarrek alde horretatik egin duten mina aipatzean. Asko dira, Mauri Idiakez esatari koherentea (COPE) izan arren antiathleticen militantzia ezkutatzen ez duen bakarra. Hori dena halaxe izanik ere, ezingo da ahaztu txokokeria txoro hori zabaltzen EITBk ere bere ondar aletxoa jarri ohi duela; REk bereziki, irratien arloan. Egunotan finalari eskainitako trataera itogarria horren lekuko. Hain betegarri, ezen udal gaiei buruzko Informativo local (13:35) saioaren erdia bera ere Athletici eskaini zion asteazkenean… Roge Blascoren La Casa de la palabra izango da atheticmaniatik salbu geratu den saio bakarra egunotan; eutsi dio, eutsi dionez, Bukaresterako joan-etorria egindako bidaiari ausartak gonbidatzeko tentaldiari. Are gehiago, soziologia eta psikologia modu merkean egitera jarrita, nork esaten digu gehiegizko presentzia mediatiko hori ez zela presio kaltegarria gertatu jokalarientzat, estututa irten zitezen Bukaresteko zelaira?
Probokatzera. Dani Alvarezek Mariano Ferrerri utzi zion asteazken goizeko iritzi tartetxoa (Con el pie izquierdo, 08:15) Boulevard-en. Probokatzaile donostiarrarena egin zezan, nonbait. Egun osoko arnasaldi bakarra eman zigun REk programazio osoan, egia esanda. Iritzia REko atari digitalean aditu daiteke, podcast-en bidez. Nahi baino gipuzkoar gutxiagok partekatuko duten iritzi horrek, besteak beste, astun izatea leporatzen die EITBko langileei, eta gogorarazten die ehunka herritar dagoela Euskal Herrian laineza ematen zaien jokalari izugarri aberats horiek baino arreta gehiago merezi duena.
Xatur filosofoa.Ostegunero, 20:45ean iristen da Xatur Larburu bere pulpitutxora, Arratsean, EIn. Entzule soila zena orain gutxi arte eta aldaretxoa eman zaion herri filosofoa. Gogoeta eta aforismo txikiak, baikortasunez bustitako pilulak, hizkera eta ahoskera ezin gozoagoan. Gainera, elkarrizketarako prest azaltzen da —gidoia lotua daramaten kolaboratzaile gehienak ez bezala—, eta ederki toreatzen ditu Arantxa Iturberen galderak.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Kontrako erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu