Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Kontraste mingarriak

2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Tabuak hausten.Joseba Nafarrate, greba egunean zauritutako gaztearen aita elkarrizketatu zuen Dani Alvarezek asteazkenean, 08:30ean, Radio Euskadin. Bertsio ofiziala eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren esanak gezurtatzeko aukera eman zioten Nafarrateri 10 minutuz. Inork sinesten al du elkarrizketa hori eman zitekeenik orain hilabete asko ez dela? Izan ere, terroristei eta haien lagunei haizea emateko eta demokraziaren eta Jaurlaritzaren ospea zikintzeko bestetarako ez baitzen izango. REn aurrerantzean informazio politika irekiago bat iragarri diezagukeen keinu hori egin, eta handik ordu betera, monarkiari buruzko oso debate kritikoa antolatu ziguten Boulebard-en bertan. Horretan, kazetariek erregearekin epel jokatu izan dutela adierazi zigun Alvarezek. «Ertzaintzarekin bezala» eranstea, horixe egitea falta izan zitzaion, eguna zintzotasunean biribildu zezan.

Enpatxu eragile? Mugarritzat jo daiteke EITBk Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenari eskaini dion arreta. Erreportajeak, solasaldiak, dramatizazioak, zuzeneko emanaldiak… Bonbardaketaren metafora erabiltzeko tentazioa eduki zezakeen batek, ez balitz kontuan hartzekoa gertatu zen giza tragedia. Kontua da harrigarria gertatu zaigula guztia, ikusita hedabide publikoek beren historian faxismoaren aurkako oroimen historikoaren alorrean eduki duten konpromiso zabarra. Kolpe batean, ia ezerezetik horrenbesterainoko jauzia egiteak arriskua ekar dezake berarekin: enpatxua eragitea, eta lortu nahi den horren kontrako erreakzio eragitea, alegia.

Kontraste mingarriak.Apirilaren 24an 75 urte bete ziren Intxortako defentsa lerroak ere hautsi zirenetik. Horretarako, makina bat bonbardaketa hilkor jasan behar izan zuten, zazpi hilabetez, Loyola, Sacco y Vanzetti, Larrañaga, Amuategi, Dragoiak eta beste zenbait batailoitako gudari eta milizianoek, posizio haiek defendatzen aritu ziren heroi anonimoek, horren ahaztuak daudenek egun ere. Haiek txikitu zituztenen oinordeko militarrek eta bazterreko bizpahiru talde memorialistek baino ez dituzte omentzen. Haiekin gogoratzeak haien ideologia eta asmoak gogoratzea baitakar, eta ariketa hori larre malkartsu eta lohitsuetan sartzea da. Erosoago senti daiteke bat bakea era abstraktu batean bakarrik aldarrikatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.