Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Kontrasteak

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Manolo Preciado. Asteazkenean hil zen entrenatzailea, bihotzekoak jota. Talde xumeen animo pizgarria beti, izaeraz markaz kanpokoa Espainiako futbol ligan, Mourinho eta Guardiolaren moduko izar mediatikoetatik urrun. Emaitzak ia egunero berritzen diren arren, bertako protagonista guztiek klonak diruditen mundu horretan, diskurtsoa eta jarrera apartekoa zuen gizona zen, zintzoa, zentzuduna, gizatiarra. Jose Ramon de la Morenak berari orain lau urte egindako elkarrizketa osoa errepikatuz ireki zuen El Larguero saioa, asteazken gauean. Futbola apenas, heriotza izan zuen hizpide orduan, 15 urteko semearen eta 42 urteko emaztearen heriotza nola gaindi daitekeen azalduz. Malkoak isurtzeko gaua izan zen, irratira pega-pega jarrita. Ser katearen atari digitaleko fonotekan entzun daiteke saio osoa, Preciadoren bizi lezioa tartean.

Leonen.Boulevard-ek Leonera (Espainia) eraman zuen txosna ostiralean, Dani Alvarez eta Ander Iribarrekin. Saihetsezinak diruditen Donejakue bideaz eta gastronomiaz gain, greban dirauten meatzariak eta errepresio frankista izan zituzten hizpide goizean. Luis del Olmo uhinetako kazikearen feudoan, haren estilo folklorikoa errepikatu zen parte batean, baina konpromisozko kazetaritza ere egin zen bestalde, Espainiako irratigintza generalistak aski zentsuratuak dauzkan bi gai landuz.

Bai, baina... Iruñeko Udala batu da (PSN barne) egunotan Euskalerria Irratiarentzat lizentzia eskatzaileen zerrendara (hainbat gizarte eragile, Euskaltzaindia, Nafarroako Parlamentua, Arartekoa, Europako Kontseiluko adituak…). Iruñerriko euskaldunek eta gizarteak berak euskarazko legezko irrati bat eskatzen dute, eta aldarrikapen historiko horri eusten dio zentzumenez eta burugogor irratiak berak. Laster jakinaraziko da nori doazkion bi lizentziak, baina ez da profeta izan behar asmatzeko Cope eta Ser izango direla sarituak, bat eginez gobernuko indar korrelazioarekin. Bien bitartean, kalitatezko irratia ekoizten jarraitzen du lizentziarik gabeko irratiak; horretan, programazio berezia (Maratoi erdia) dauka iragarrita ostiral goizerako, kolaboratzaile eta pertsona ezagunekin. Iruñerrikoak ez garenok, berriz, ez daukagu aitzakiarik; atari digital bikain askoa daukagu eskura, irratsaiorik entzungarrienen podcast-ak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.