Senideen artekoa. EIk Urkullu eta REk Patxi Lopez denbora berean gonbidatu zituzten, herenegun, 09:05ean. Asteko elkarrizketa izarrak zalantzarik gabe, adierazpen politikoen kazetaritzaren jira-bueltan bi irrati horientzat. Bada, batak eta besteak izan zuten oihartzuna, zer pentsatua ematen digute: euskarazko irratiak biak 10:00etako orduz orduko albistegian eta 13:00etako albistegi nagusian laburtu zituen, baina gaztelerazkoak ez zuen Urkullurena aipatu ere egin bere albistegietan. Ikusten denez, batak besteari arreta jartzen dio, eta laburtu berean. Kontrara, ordea, ez da gauza bera gertatzen; bost axola besteari batean nork zer esan duen. Ziurrenik, euskaraz esaten denari garrantzia kentzen diolako, edo-eta, bere esatarien artean ez daukalako euskarazko adierazpenak itzuliko dizkionik.
Nor euskal herritar? Eva Domaikaren La Ventana Euskadi-k (19:05) Behobiara bidali zuen bere esatarietako bat. Esatari gaztea, hasiberria ziurrenik. Erreportajea kale gorrian egitera joan zen, alkohola eta tabakoaren paradisu den eremu hartan. Erosle bakan batzuen hitzak jaso ostean, baieztatu zigun frantsesak direla bezero gehienak, eta vasco-ak apenas azaltzen diren. Esatariaren diskurtsoak gure gizartean erreferentzia diren bi instituzioek daukaten nahastea iradokitzen digu, kontzeptu geografiko-kulturalen ingurukoa. Ser da horietako bat. Bestea, esatari hori prestatzeaz arduratu den euskal unibertsitatea litzateke.
Mezu baikorra. Badakite nazkatu egin gaituztela ekonomiaren inguruko albiste beltzekin, eta estrategia informatibo berriak ari dira jorratzen azkenaldian, irratiak behintzat. Krisia erarik gordinenean nozitzen ari den jende soila protagonista bihurtuz hasi ziren, eta mezu baikorrak zabaltzen hasi dira orain. Ostegunean, Ser-eko Hora 25-k bestelako garapen ereduen alde eginez ondo doakien estatuko kooperatiben esperientzia azaldu ziguten. Ostiralean, Boulevard-ek telefonoa 80ko hamarkadako krisia gainditu zutenei ireki zien.
Gertukoaz, gertukoenari. Krisia modurik errealenean deskribatu nahi badute hedabideek, ez daukate murrizketekin itota bizi direnengana jotzea bezalakorik, gizartean normalki statu quo erosoa eduki ohi duten iritzi emaileei arreta gutxiago jarri eta gero. Eta ez da demagogia.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Kontrasteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu