Aurelia Arkotxa.
Maratila

Kréyol (I)

2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Fort-de-France. Martinika. Maiatzaren 12a. Laino beltzaskak mukurruka bilduak. Bero. Ilunabarra hurbil. Martin Luther King karrika. Eskuinetik, pasabideak: Passages. Pasabideetarik iraganez bidea mozten anitz. Emma Luc pasabidea hemen dut ondoan. Baranda batean besoak pausaturik nago. Aurrean zabaltzen zaidan hiriari eta kostari so. Beherean, hiri zaharra, katedrala. Levassor kanala. Zubia. Eskuinago, dorre moderno handia. Flamenkoen Badia. Haratago, Karibeetako itsasoa. Claudia hurbiltzen zait. Kalakan hasten gara. Tirritarrien kitzirri ozenak. Kabrit bwa-ak... dio Claudiak arbolak eta sasiak erakutsiz. Bai, frantsesez Cabrits des Bois... argitzen dit... Oihaneko ahuntzak. Haize epela. Alisioak... Behereko auzoetarik danbor soinuak. Levassor Kanalaren bazterretarik. Dum dum dum. Musika airosa. Datorren urteko inauteen entsaioak... Airea Bel air dantzarena dela. Baina bere auzoko taldeak arratsean berantago duela bere eguneroko bi oreneko entsaioa ... Tambou Bô Kannal taldeak... dio saihetsera behatuz Claudiak. Irri eder batekin. (amodio istorio bat usmatzen dut). Kanalaren bazterreko danborra. Urak goiti iragaten zirelarik, kanal bazterreko jendeak «zangoak urean» ukaten zituelako. Emma Luc pasabidetik etxeen artetik, eskaileraz eskailera, gero ezker, gero eskuin, gero zuzen hartuz hobe dudala bihar joan. Gero, Levassor kanala. Gero, zubia... Claudiak turista (zuriez) beterik heltzen diren transatlantikoak aipatzen dizkit: Costa pakebote fama txarrekoak... Flamenkoen badiaren beste puntan egoten direnak... Emma Luc izena?... «Emma»ren etxe kontran hasten delako pasabidea... Eta «Luc» Emmaren senar zenaren izena delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.