Beldur bizi garen garai hauetan, Espainiako gobernuak babesa eskaini digu; osasun sistema publikoa errekara doalakoan gauden honetan, PPko agintariek behar ziren erabakiak hartu dituzte hura salbatzeko. Barne etsaia argi seinalatu digute. Etorkinak. Osasun sistema arriskuan paratzen dutenak ez dira murrizketak, ez dira politika makurrak, ez dira espekulatzaileak, ez dira merkatuak (merkatuak diogu, baina ez dezagun atzendu —faborez, mesedez eta arren— solas horren azpian etekinak atera bertzerik nahi ez duen gu bezalako gizaki bat dagoela, noski Walt Disneyren filmak ikusten negar-zotinka hasten den gizaki bat). Ez. Etorkinak dira, gurera libreki eta arduragabe eritzera arribatuak.
Bazka ederra bota dio Gobernuak herritar anitzen baitan dagoen herrari. Eta kazetari planta egiten duten lekaio batzuek herra hori arrazoitu eta argudiatu egin dute berehala: etorkinek ez dute zergarik ordaintzen, ezin ditugu gure osasun sisteman onartu.
Hori aditzean, barnean daramadan demagogoa itzarri, marmarrean hasi eta belarrira xuxurlatu dit haiek ez direla zergarik ordaintzen ez duten bakarrak. Izan ere, amnistia fiskala ezarri du berriki PPk ogasunarekin garbiegi jokatu ez duten bertze zenbaitendako.
Eta horretan ikusten dugu sentimendu patriotikoak bere horretan segitzen duela. Raxoi presidenteak espero baitu abertzaletasun espainolak bultzatuta kitatuko dituztela beren zorrak iruzurgileek.
Espainol aberatsei bai, etorkin pobreei ez. Horri la préférence nationale deitzen zion Front Nationalek. Baina, Espainian, jakina, ez dago muturreko eskuinik.
Maratila
'La préférence nationale'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu