Ane Muñoz.
Maratila

Lehorreko uhinak

2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Banekien euskaldunok uhin berezi bat geneukala, batik bat munduko surflarien artean oso maitatua dena. Bizkaiko itsasertz harrotuan, Mundakan hain zuzen, beste inon ez den olatu aldrebes preziatu horrek ehunka zale erakartzen ditu urtero gugana. Ba olatu natural harekin nahikoa ez bagenu, orain, Gipuzkoako barnealdean, itsasotik urrun, beste uhin interesgarri batekin egin omen dezakegu topo. Non eta Aizarnazabalen, arrainen ordez artzain eta ardiak lasai asko bizi diren zelai berde ederren erdian, kaioen ordez txantxangorrien hegaldi bihurriez goza daitekeen lekuan, arrantzalerik ez den nekazal giro aparta batean, ur gezak gaziari tokia kentzen dion eremuan. Honako hau, jakina, olatu artifiziala da; hain zuzen, ibaiko urez betetako putzu handi batean behin eta berriro neurri bereko olatuak altxarazten dituen gailu moderno batek eraginiko uhin ederra, egun modan dauden surflarien praktiketarako asmatua.

Gogoratzen dut zein harrigarria iruditu zitzaidan, bere momentuan, Madrilen Shanadú eskiatzeko parkea zabaldu zuteneko berria. Nola? Gezurretako pista elurtu batzuk eraikiko zituztela madrildarrek edozein sasoitan Pirinioetara, Sierra Nevadara edo Kataluniara joan beharrik gabe eskiatu ahal izateko? Ba hura kapritxosoa iruditu bazitzaidan, gurea, zera, Municheko azoka batean saritu berri duten Aizarnazabalgo olatu hori… O, mon dieu. Ez zebilen oker, ez, hamaika ikusteko jaioak garela esan zuena. Ai ene, mundu moderno hau, atzokoek burua altxatuko balute…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.