Ez zen nire asmoa barre egitea. Are gehiago, nire barneko aingerutxoak ziostan telefonoa ziztuan eskegitzeko.
—Egunon, jauna, Euroloto-tik deitzen dizugu eta eskaintza ezin hobea daukagu zuretzat, soilik galdera erraz bat erantzutearen truke. Mesedez, esango diguzu zure izena. Hartara elkarrizketa hau era atseginagoan egingo dugu.
Ezetz erantzutekotan egon nintzen, ez nuela jarraitu nahi. Azken batean, ahots goxo, jator eta —esan dezadan bidenabar— erotiko samar haren atzean Aurora baitzegoen, langile seiehuneurista zintzo bat. Zoritxarrez, aingerutxo orok deabrutxo bat izan ohi du bere ondoan eta, nola jakin gabe, handik aurrerako erantzun guztiak berak eman zituen.
—Xabier.
—Egun on, Xabier, urte askotarako.
Eskaintza, funtsean, zera zen, astero loteria primitiboan jokatzeko klub batean parte hartzea. Esan gabe doa etekina ziurtaturik zegoela eta, zorte apur batekin, dirutza irabazteko aukera zegoen. Lehenengo bi kuotak, gainera, opari.
Hamar bat minutu eman nituen azalpenak entzuten eta monosilaboz erantzuten.
—Beno, Xabier, ba, bukatzeko datuak hartuko dizkizut.
Ez nizkiola emango entzun bezain pronto eta agur ere esan gabe eskegi zuen telefonoa Aurorak, hamar minutu lehenago hain jatorra zen neskak.
Bai, badakit kabroi baten pare jokatu nuela. Nire alde deabruaren irudia erabil nezake, baina ez dut egingo.
Azken batean, erantzunak deabrutxoarenak izan ziren, bai, baina gozamena —ikaragarria!— neurea.
Maratila
Loteria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu