santi leone
Maratila

Lotura kausala

2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ongi, ongi, oroitu hadi / zer egin huen Elaman. / Difuntu horrek izatu balu / jarraikilerik Lesakan...». Hala dio Trabukoren kantak. Eta hor egiten duenari, elipsia deitzen zaio. Norbaitek zerbait egin zuen, eta hurrengo lerroan gorpu bat dugu: bi osagaien arteko lotura kausala irakurleak egin behar du. Poetikoa da. «Maiteren hortzen ederra liburua hartzean» dio Iñigo Aranbarrik Zulo bat uretan-eko zortzigarren kapituluan. Erraten ahalko zuen «Maitek irribarre egin zion liburua eskertzeko», baina idazle handia denez, nahiago izan du bi ekintzen arteko lotura irakurlearen esku utzi. Irakurlea ergela ez delakoan.

Jendea ergeltzat hartzen duen batek ere badaki elipsia erabiltzen. Berriki, Diario Vasco-n Yolanda Barcinak adierazi du gaur egun duela hogeita hamar urte, «hau da, Foru Hobekuntza ezarri zenean» baino aise jende gehiago mintzatzen dela euskaraz Nafarroan. Barcinak bat-egite kronologikoa bertzerik ez du azpimarratu, baina oharkabean-edo, irakurlea legearen eta euskaldun kopurua emendatu izanaren arteko lotura kausala egitera gonbidatu du.

Izan ere, gure presidentearen hitzetan, euskara barne-barnean daramate UPNkoek.

Lizarran izan nintzen iaz. Karlismoaren museoa ikusten. Dena, erdara hutsean. Euskara baztertzea, bazekienak kontatu zidanez, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariaren erabaki pertsonala izan zen.

Foru Hobekuntzak (9. art.) dioena garatuz, Euskararen legeak ez du euskara eskualde mistoan erabiltzera behartzen. Corpasek euskara bere baitan altxatzea aukeratu zuen. Lotura kausala, irakurlearen esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.