Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Maiatzeko azterketak

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Etsamina zeukan M-15 deituriko gizarte mugimenduak pasa den asteburuan. Hala esan zuten, behintzat, ironia dosi ez txikiarekin, hedabide batean. Kuriosoa da gisa horretako jende antolaketa bat subliminalki ikasleekin soilik lotu nahi izatea eta, ondorioz, tipifikatzea, estigmatitzatzea eta, ikasleei diedan errespetu guztiarekin, minimizatzea. Hartara, hedabideak erraz juja dezake M-15ek etsamina gainditu duen edo ez. Biolentzia esaten dioten hori egon bada, suspentsoa; egon bada normaltasuna esaten dioten hori, gainditua, baina justua, beti izango baita M-15 gutxietsi beharreko mugimendu bat.

Eta zer gu hemen hasiko bagina nota banatzen? Zer jarraipen egin diete telebistek asteburuko mobilizazioei? ETBn, larunbat gaueko albistegian —Gaur egun bederatzi minutukoa izan zen, Numantzia-Deportivo partidaren atsedenaldian—, garrantzitsuago iritzi zioten Basagoitiren berraukeraketari —jarraian Nafarroako PPko buru berriaren aukeraketa emateko, gainera—. Hori bai, titulu bat eskaini zigun Basagoitik: PPk ez dio utziko PSEri politika orokorreko eztabaida egiten irailean, hots, hauteskundeak izango dira urrian. Igandean, Herri Urratsekin ireki zuten albistegia —bikain!—, eta gero PPren kongresura itzuli, Madrilen haserretuekin gertatutako istiluak eman aurretik—«goizeko bostetan 200 suminduri plaza utzarazi diete»; hori da hizkuntza fintasuna, lagunok—. Baina ez soilik mobilizazioen segimendua, gertaerak merezi zuen oihartzun gehixeago, eztabaida-erreportajeren bat, auskalo.

TVEn egin zuten, adibidez, Informe semanal hilezkorrean. Nahiz gero albistegietan behin baino gehiagotan irristatu. Yayoflautas gora, «un invierno donde no se les ha visto mucho» behera, mobilizazioak kontestualizatu zituzten apur bat, Europara ere zabalduz. Baina Euskadiko PPren kongresuarekin ireki zuten igandekoa, ez Sol plazako hustearekin. La Sextak eman zion oihartzun handiena, Spanish Revolution dokumentala berriz emanez eta Al rojo vivo eztabaida saioaren jarraipen bereziarekin.

Tira, ez nuen ikusi, medikuak galarazita daukadalako: baina seguru Intereconomiak are eskuzabalago eman zuela horren berri —edozein astegun buruzuritan etengabe aritzen dira senperrenak botatzen M-15en aurka—. Aferaren egoeraz oso esanguratsua litzatekeena, bestalde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.