Behin, Twitterren, Santiago Cervera PPko diputatuak idatzi zuen Nafarroak zorraren eta BPGren arteko ratio makurrena zuela Estatuan. Arrapostua berehala ailegatu zen: ez ratio makurrena, altuena baizik; makurrena izatekotan, zioen erantzun zionak, neoliberalekin batera onartu beharko genuke krisi garaian Estatuak, zorra gutxitze aldera, hiritarrei babesa eskaintzeari utzi beharko liokeela. Tranpa egiten ari zen, beraz, Cervera. Ederra da ikustean politika ekonomiaren itsasoan itxuraz urtzen delarik ere ideologiaren arrastoak gelditzen direla izenondoen arroketan.
Aitor dezagun, halere, arrapostua gaurko joera nagusiaren kontra doala: dena baita ekonomia egun hauetan, eta zerbait politizatzea (futbola, greba, hizkuntza) baino bekatu larriagorik ez dago. Ez da ideologia; merkatuak eta arrisku saria dira. Aurrekontuak. Zenbakiek diote ez dagoela dirurik irakasle gehiago kontratatzeko (bai, ordea, AHTa egiteko); numeroek frogatzen dute ez dela sosik gelditzen euskal hedabideei laguntzeko (bai, ordea, NavarraTVri edo zezenketei). Ekonomia da, lagun, zer nahi duzu guk egitea?
Eta, politikari guziak ekonomiara lerratu diren honetan, Alvaro Miranda moralera pasatu zaigu. Berriki errana du: «Nafarroa aberats berrien antzera bizi izan da, eta hori akitu egin da». Ederra da ikustea nola desagertzen diren ekonomia kontseilariaren erantzukizun pertsonalak erretorika inpertsonalean. Alor horretan ere politikarien adierazpenen eta lotsa faltaren arteko ratio altuena baitu Nafarroak.
Eta, orain bai, bigarren izenondoa dudarik gabe egokia litzateke: handiena eta makurrena.
Maratila
Makurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu