Igandean, Serio Demonio sailean, Juan Kruz Lakastak eta Zaldi Eroak Entzutegi Nazionalean zabaldu beharreko areto berri bat aipatu zuten, Epaitzaindia hain zuzen, baina atzendu zitzaien erratea Espainiako epaileek, Arzakek bere jatetxean bezala, laborategi bat daukatela goi mailako sukaldaritza politikoaren errezeta zaharrak fintzeko. Jarduera horri marlaskaritza deitzen diote. Sexu fabore batzuen truke, honako errezeta hau eskuratu dut:
Manifestazio esplosiboaren pastela,
Kale borrokaren oroiminaren ohatze baten gainean,
Legearen interpretazio maltzurrak lagundua
-Noiz prestatu: Edozein urtaro da ona errezeta honetarako,baina bereziki gomendatzekoa dasu-eten edo menia bat indarrean dagoelarik, are gehiago iraunkorra bada.
-Nola prestatu: Legearen interpretazio estua eta maltzurra eginez, balizko parte-hartzaileen labea ahalik eta gehien berotu behar da, memento egokian masa harrotuko bada. Hori gertatzen delarik, kolpe gogor batzuk banatu behar dira han-hemenka, berriz ere bere onera bueltatu artio.
-Chefaren trikimailua: Errezeta honek arrakasta izatekotan, ezinbertzekoa da prentsa espezializatuaren laguntza. Honek pastelaren urrin demokratikoa goraipatuko du, bai eta haren testura legal ezin leunagoa ere.
-Kontuz!: Batzuetan, eginahal guziak eginda ere, masa ez da harrotzen. Marlaskaria aise ohartuko da horretaz, labetik isiltasun kolosala aterako baita. Pastela, orduan, samin samarra gertatuko zaio.
(Oharra: marlaskaritzari dagokion aditza marlaskerietan ibili da, baina sukaldatu zaleek marlaskatu ere erabiltzen ahal dute).
Maratila
Marlaskaritza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu