Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Martxoak 3: zer datorkigun iragartzen

2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Martxoaren 3koa. Gasteizeko Zaramaga auzora joan, eta aparteko begiratua eman zien Más que palabras saioak, atzo, 1976ko martxoaren 3ko gertakari odoltsuei. Urte eta urtetan jarri ez zaion fokua jarri zaio aurten; noiz eta Eusko Jaurlaritzak, aurreneko aldiz, lore eskaintzaren egitea erabaki duen urte berean… Gonbidatuen zerrendak eta horiei emandako tarteak ideologia jakin baten aldeko apustua markatu ziguten. Egia da 36 urtez oroimena bizirik mantendu duen Martxoak 3 elkarteko Andoni Txasko eta Eva Barroso gonbidatu zituztela, baina haiei eskainitako tartetxo xuhurra ia anekdotikoa gertatu zen panoramika osoan. Zatitxo marjinala, gainerako gonbidatuen ondoan: Euskadiko kazetarien presidente Lucia Martinez (Boulevard-eko tertulietan argi utzi izan diguna, besteak beste, zenbateraino maite duen Gasteizko gertakarien oroimenaren alde gehien mugitu den sektore politiko eta sindikala); beste biktimen inguruko txosteneko erredaktore Carmela Marchena (ordu erdiko elkarrizketa luzea), eta Jaurlaritzarekin lore eskaintzara joandako Vicente de Bustos (UGT) eta Unai Sordo (CCOO). Gertakarien harira Iñaki Berazategiren kronika zorrotz eta testuinguruz josiak (La memoria en altavoz, 11:05), ezin izan zuen zuzendu goizak hartu zuen ikuspegi maltzurra.

Errebisionismoa. Txaskok atzo salatu zuenez, biktimen txosten horrek, berantiarra eta baztertzailea izateaz gain, ez du giza eskubideen urraketetan estatuak edukitako erantzukizunik aitortzeko asmorik. Bada, atzo REk eskainitako informazio trataerak zer datorkigun iragartzen digu. Alegia, EITBk ez ezik Gasteizko gobernuek ere biktima horiekiko edukitako bazterkeria historikoa zuritu, txostenari eta bere filosofiari alfonbra gorria jarri, eta, hori gutxi ez-eta, «giza eskubideak beti eta denontzat» dioen pankartaren atzean jarriko zaizkigula. Presta gaitezen, bada, Txaskoren interpretazio horri aurre egingo dion kontraprogramazioa jasatera.

Izan zirelako.Euskal irratigintzaren aita ponteko Joseba Zubimendi eta Ander Arzelusek egindako ahalegin militanteak gogoratu dira Donostian. Harira, Koldo Ordozgoiti, Inazio Mujika eta Elixabete Garmendiak begiratu polita eman diote aski ezezagun zaigun euskal irratiaren historiari. Koldo Mitxelena kulturgunearen atarian daude irakurgarri euren gogoetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.