Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Masokismoa

2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Masokismoa aukera sexual guztiz zilegi eta onargarria baita, Urtezaharrean Badator dos-mil-doce saioa ikusi nuen. Saioak ez zuen hutsik egin eta, espero bezala, min ikaragarria eman zidan. Nik uste nuen ezinezkoa izango zela iazko mina gainditzea, baina lortu zuten. Bejondeizuela!

Funtsean, Badator dos-mil-doceBadator dos-mil-once saioaren plagioa izan zen. Aurkezle bera, gonbidatu berberak, poz faltsu bera. ETBk tontotzat gauzka, eta pantomima bat eskaintzen digu, zuzeneko saioa egitea garestiegia delako. Aldaketarik ez, beraz. Eta espainolak garenez, musika espainiarra eskaintzen digute: Fangoria, Mario Vaquerizo, OBK. Gasteiz Green Capital-etik mundura —«para que nos vean en las euskal etxeas»— baina Espainiara begira. Antza, ezin da saio bat egin gazteleraz Aramaiora, Aiara, Leitzara begira. Ez, Espainiara begira egin behar da, sevillarrak bagina bezala. Hori bai, euskaldunak garela suma dadin, aurkezleei zein gonbidatuei debekatuko diegu «feliz año nuevo esatea». Alde horretatik ere, aldaketarik ez.

Eta, hala ere, min egin zuten.

ETBko agintariak euskaldunak balira, jakingo lukete ezen Xalbadorren Heriotzean kanta polit bat baino askoz ere gehiago dela euskaldunontzat. Ereserki bat da. Gure hileta ospakizunetan entzun nahiko genukeen kanta, ileak lazten dizkiguna.

Eta ETBk Operacion Triunfo-ko Ainhoa ospetsua ekarri zuen, zertarako eta gure kantarik sakratuena birrintzeko.

Eta horrek min egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.