santi leone
Maratila

Mentalitatea

2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Youtube-n ikusten ahal den bideo batean, Marco Antonio Regil aktore mexikarrak hiru klase sozial hartu (pobreak, klase ertaina eta aberatsak) eta diruarekiko bakoitzaren jarrera aztertzen du. Irakurlea ez aspertzeko, erran dezagun dirudunak azkarrago direlako direla dirudun; pobreak franko ergelak dira (horregatik dira pobreak) eta klase ertaina, pobreak baino argixeagoa izanagatik, xalo samarra da. Regilen lezio neoliberalean, mentalitateak azaltzen du dirua.

Hori jakiteko, halere, ez da Mexikoraino joan beharrik. Trabukoren istorioa ikertu ondoan, Patziku Perurenak ederki esplikatu zuen drama abian jarri zuena Berdabioren emazteak bere buruari egin zion galdera hau izan zela: baina gizon honek nondik ekartzen dit niri hainbertze diru? Duda horrek bulkatuta, Berdabiori segitu, zertan zebilen harrapatu eta dena Trabukori kontatu zion andreak. Pobreen mentalitatea.

Cristina Infantak, berriz, ez dio urte hauetan guzietan inoiz galdera hori egin, ez bere buruari ez Urdangarini; eta xarmantki egin du zeren, behin Karramarro jaunak (diruduna bera ere) Bob Esponjari erran zion bezala, galderak arriskutsuak dira egiten dituenarendako, eta zama bat gainerako guziendako.

Berdabio kartzelara eraman zuten; soldata ederreko lanpostua eman diote Urdangarini enpresa handi batean. Pobreen eta aberatsen patua, bistan baita erakundeek ere jarrera diferentea dutela batzuekin edo bertzeekin aritzeko.

Regil oker zebilen: diruak azaltzen du aberatsen mentalitate harro lotsagabea; eta zinismoak, neoliberalen justifikazio iraingarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.