santi leone
Maratila

Metabolismoa

2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Haur txintxo guziek bezala, ama anitz maite dut, baina gauza batzuk ez dizkiot inoiz barkatuko. Ttalla nintzelarik, etxe txiki batean bizi izan ginen bolada labur batez, alokairuan. Ohatzea egongelan nuen, telebistaren gela berean; astero, nire erreguak gorabehera, ama ematen zuten beldurrezko filma (Hammerreko klasikoak ziren, orain badakit) ikusten tematzen zen. Burua maindireen azpian sartua, film haietako soinu banda eta zenbait elkarrizketa lagun, nik irudikatzen nituen eszena lazgarriak pantailan benetan gertatzen ari zirenak baino handiagoak eta izugarriagoak ziren, jasanezin bihurtzeraino.

EAEko hauteskundeetan, estrategia hori bera aukeratu du Alderdi Popularrak bere karteletan: Zu gabe, haiek irabaziko dute. Leloa baino gehiago, mehatxua da, eta mehatxu horren gibeleko hutsunea hauteslearen irudimenak bete behar du: egun hauetan, soilik gure imajinazioko izugarrikeriak izaten ahal baitira egunero ikusi eta sufritzen ditugunak —murrizketak, langabezia, politikarien ustelkeria, poliziaren bortizkeria—baino beldurgarriagoak.

Ez, gauza batzuk ez dizkiot inoiz barkatuko amari. Errate baterako, haurtzaroan etengabe eskaintzen zizkidan gehiegizko gozokien ondorioz pairatzen dudan loditasuna, hark beti nire metabolismoari egozten ziona. Horretan ere, berdin ari dira jokatzen politikariak: hainbertze urtez gozokiak —kreditu errazak, etengabe erosteko bultzadak— banatu ondoren, krisia hondamendi naturala izan dela sinetsarazi nahi digute, gure metabolismoaren kontua.

Kasu eman. Zu gabe, hori defendatzen dutenek irabaziko dute-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.