Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Minutu guztiak ez dira berdin

2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Asteazkeneko zutabean esaten genuen telebista publiko katalanak nola zaintzen duen gaur-gaurko gaien informazioa, nola eskaintzen dion lehentasunezko lekua gaurkotasuneko informazioari. Besteak beste, aipatzen genuen gainetik programa bat, 33 katekoa, 60 minuts. Bada, hara non, asteazken gauean bertan, ETB2k estreinatu zuen saio bat, ez motz ez nagi, 60 minutos izena hartu duena. Kontxo, aspirinak ere ez du hain efektu berehalakoa. Eta hartzen duzu 60 minuts, eta ikusten duzu ematen dituela gizarte hausnarketa eta gaurko gaiak lantzen dituzten munduan zehar ekoitzitako kazetaritza lan onenetakoak. Hartzen duzu, eta ikusten duzu azken erreportajeek izena dutela Caçadors de carborni; El Senegal, estat d'emergència; Playa Negra, cop d'estat a Guinea Equatorial edota Síria en dues parts.

Orain, hartzen duzu 60 minutos, eta ikusten duzu estreinako saioak idazpuru duela Vascos en Manchester, eta, nola ez, bart jokatu zen hankapilota partida duela abiapuntu. Gurean ere, gizarte hausnarketa eta gaurko gaiak lantzen dituzten kazetaritza lan onenetakoak, baiki. Iñaki Lopez, Ingalaterrako Manchester hirian, bertako zerak erakusten bertan bizi diren hainbat euskal herritarren konpainian. Zer eta atzoko aitzakian Manchesterrera lekualdatu behar zuten euskal herritarrek, hobe esan Athletic zaleek, hiriaren nolabaiteko gida turistikoa izan zezaten, bertan igaro beharreko ordu gutxiak are erosoagoak izateko. Zerbezak hainbeste balio du; aise ligatzen da; txamarra lodia eraman. Primeran. Edo Europe League-n, baina ederki demonio.

Eta, tira, uler dezaket gaiari atentzio berezia eskaintzea, ez da iristen egunero euskal futbol talde bat Europako lehiaketa batean hain aurrera, talde hain txukunen aurka lehiatzera. Ez dudana erabat ondo ulertzen da zergatik egiten ditugun Vascos en Manchester gisako saioak, ezpada Bilbon abioia hartu, autobusean futbol zelaira joan, partida ikusi, atzera bueltan aireportura etorri eta atera denetik sei ordura etxean izango denari Manchesterren egon delako sentsazioa emateko. Zergatik gaiari atentzio berezia eskaintzea nahasten dugun gisa horretako saio ikusi, ezagun, errepikakor batekin. Momentu batean pentsatu nuen Españoles en el mundo ematen ari zirela ETB2n. Edo itxaron, agian... Tira, berdin dio, erremata dezagun hemen zutabea, ate barrura ahal dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.