Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Monarkia bukatzeko

2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Henrike III.a aipatzen genuen atzo, ETB2k haren figurari eskainitako telefilmaren aitzakian. Baina ez da izan aste honetan borboitarren dinastiak izandako protagonismo une bakarra. Astea hastearekin batera jakin genuen Espainia gobernatzen duen erregeren biloba batek, euskal odola duen Felipe Juan Froilan de Maritxalar y Borbon 13 urtekoak —Espainiako tronua eskuratzeko ondorengotza lerroan bosgarren denak—, tiro bat jo ziola ezker oinari. Bere ezker oinari. Bistan da borboitarren argitasun falta berezkoa, baina ez nuen uste hain urrutira iristen zenik. Ehizaki puskaz gozoagoak hain eskura izanik! Gauza bat esango nioke Froilan estimatuari: hurrengoan punteria hobea izateko.

Tiro horren aitzakian, ordea, erreportaje bat berreskuratu du Vilaweb kazeta digital katalanak, Discovery Channel telebista kateak egina, eta Escándalos reales: Juan Carlos de España izenekoa. Eta bertan borboitarrak eta, zehatzago, Espainiak orain indarrean duen estatuburua gertutik eta konprometituki hunkitzen duen gertaera bat jasotzen da: Alfonso Borboikoa, Juan Carlosen anaia gaztea, 1956ko martxoaren 29an hil zela, 14 urterekin, Portugalgo erbestean. A, kasualitatea, tiro bat izan zen tartean orduko hartan ere, antza Alfonsok berak bere buruari istripuz joa. Baina bertsio hori da, hain zuzen, erreportaje horrek auzitan jartzen duena, Juan Carlos areago inplikatuz: Alfonso anaiaren ondoan zegoen une hartan, bai; baina tiroa ez zatekeen istripua izan, anaia nagusiak gazteari benaz jotakoa baizik.

Eta afera ez da ezagun-ezaguna, nahiz eta gurean aipatu izan den inoiz. Patricia Svevoren Un rey golpe a golpe biografia ez baimendu hartan, esaterako —bide batez, non ote dago Svevo anderea? Ondo ibiliko al da?—. Eta ezer ikertu, ezer argitu ez den arren, hilketaren hipotesi horren arrazoi posibleak ez dira hain burugabeak ere: ondorengotza borrokak, familia tirabirak, odol jelosia eta politikoak, Franco eta Juan aita ere zipriztintzen dutenak.

Horiek horrela, bateko eta besteko tiroak protagonista izan dituen astea joango zaigu bihar. Eta asko hitz egin da armen erabileraz, armen hartzeaz, debekatzeaz; baina nik baimenduko nuke armen erabilera, ze demontre, besterik ez bada errege etxeetan. Gauzak dauden bezala, monarkia bukatzeko biderik laburrena iruditzen baitzait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.