Ezagutuko duzue, noski, Jose Javier Esparza. Akaso ez Jose Javier Esparza izenagatik, baina Intereconomia-n pirata partxea ipinita ibiltzen den kazetari kolpista hori dela esaten badizuet, seguru badakizuela nor den. Eta bestela, lasai, askoz hobeto. Ez duzue askorik galtzen, sinetsidazue. Aste honetan jakin dut Esparza hori gogaide dudala, telebistaren gaineko testuak idazten dituela, 1991tik, Vocento taldeko hainbat egunkarirentzat. Eta jakin dut, haren artikulu batekin tupust egin dudalako, La Verdad de Murcia egunkarian argitaratutako zutabe batekin. Ez ditut, deabruak guarda, Esparza horrek jaulkitzen dituenak konpartitzen, whiski marka aldatu beharko nuke bestela. Baina planteatzen duen gaia ez da erabat burugabea ere.
Esparza horrek aukera baliatzen du telebista publiko autonomikoen baliagarritasuna ezeztatzeko, arlo ekonomikoa nabarmenduta. Ez da kontu berria, eta ez du atentzio berezirik merezi. Baina Andaluzian gertatzekoak diren hauteskundeen harira, beste kontu bat aipatzen du: TVEko albistegietako aurkezleak damu agertu direla hauteskundeoi buruzko informazioa hauteskunde legeak eskatzen duen proportzionaltasunaz eman behar dutelako, hau da, talde politiko bakoitzari duen ordezkapenaren arabera dagokion denbora tartea errespetatuz. Eta ez, logikoagoa dirudiena, gertaeren interes informatiboa kontuan izanda.
Ez dira TVEko langileak lege horren morrontza aipatu duten bakarrak, inoiz esan izan dugu hemen Kataluniako TV3koek ere muzin egiten diotela hauteskunde garaian berriak sinatzeari, protesta gisa.
Kontuok kontu, Esparza horrek dio telebista pribatuetako kazetariek iritzi hori izateko eskubidea dutela, beren hedabidearen irizpideak informazioa bideratzeko aukera ematen dielako; baina kate publiko batek ezin duela legea beste iripiderik izan. Ez nago ados: legearen arrazoiketa pobrea da oso, legeak zerutik eroritako zera unibertsal eta ezin justuagoak balira bezala, eta ez batzuen artean adostutako arau sarri interesatuak. Baina planteatzen duena interesgarria da: publiko denak, ustezko inpartzialtasuna helburu, men egin behar dio paperak esaten duenari beti? Partziala da ,bestela, derrigor? Zer da kazetari irizpidea, zer interes orokorra? Kazetaria manipulagarria da, manipulatzailea, sinets dezakegu oraino harengan? Muga non dago?
Komunikazioa. Ekografiak
Muga non dago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu