Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Mundu baten egia

2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ondo hasiko dut, bada, urtea: atzoko promesen artean bat, lehenetakoa, telebista frantsesa aintzat hartzea zen. Gaurko zutabeak, beraz, Radio Television Española izango du hizpide. Badakit, ahula da haragia, ahulagoa Espainiako Gobernuak estoka sartu eta estatuko hedabide talde publikoa hiltegira bidean jarri nahi duelarik —irudi oso hispano bat erabiltzearren—. Jakingo duzue, atzo esan zigun berripaper honek: 200 milioi euroko murrizketa izango du RTVEk —aurrekontuaren %20 inguru—. Gaur bertan bilduko du Administrazio Kontseilua, ondorioak aztertzeko.

Prentsan irakurri dugu, halaber, publizitatea berreskuratu beharko dutela ekonomikoki mantentzeko —iragarleak, noski, hortzak izerditan daude—, telebista kateren bat kentzea pentsatzen ari direla, taldearen eredua kolokan dagoela. Baina, azken horri helduta, imajina dezagun une batez: kolokan dagoena ez da taldearen eredua, taldea bera baizik; hots, La1, La2, Canal 24 horas, Clan, Teledeporte, TVE-HD, irratiak, Internetekoak. Edo imajinatu, nahi baduzue, galduko liratekeela France2, France3, France4, France5, FranceÔ eta gehiago —ondo, Aritz, ondo; ari haiz okerra zuzentzen—.

Ezer gutxi gertatuko litzateke, agian. Orain eskema bera errepikatzen ari direla ematen du, Espainia aldeko bi pribatu talde handiak: kate nagusi bat (Tele5; Antena3), bigarren kate bat (Cuatro; La Sexta), eta maila apalagoko kate espezializatu zenbait (Divinity, Boing, La Siete eta abar; Neox, Nova, Nitro, La Sexta2, 3, eta abar). Asko nabarituko lukete Espainia aldeko teleikusleek aldea? Eta euskaldunok, zeharka bada ere?

Ezen publikoa desagertuta pribatua geratzen baitzaigu. Baina non geratuko litzateke informazio egiati eta independente bat izateko eskubidea? Non iritzi askatasuna, izpiritu kritikoa, herritar eta komunitateen elkarbizitza eta kohesioa sustatuko dituzten edukiak hartzeko aukera? Non edukien independentzia, kalitatea, pluraltasuna, gizarte baten interesekiko atentzioa? Ezen horiek baitira, paperean behintzat, RTVEk konplitu asmo dituenak. Nahiz eta gero etortzen zaizkigun David Edwards eta David Cromwell, eta ateratzen duten Txalapartarekin Los guardianes del poder, eta esaten diguten gaitza dela hedabide korporatibistak dituen sistema batek, enpresen mendean den mundu baten egia kontatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.