santi leone
Maratila

Nafarroa, Nafarroa

2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez du balio melodramatikoegi jartzea. Espantuka hastea. Ez dezagun exajeratu, otoi. Azken batean, bagenekien ez zela erraza izanen. Gainera, gu —gutariko batzuk, bederen— pribilegiatuak gara. Lana badugu. Oporretan joaten gara. Noizbehinka, liburuak eta CDak eta DVDak erosten ditugu.

Bertzalde, demokrazian bizi gara. Inork ez digu deus debekatzen. Krisiak du errua. Genozidio kulturala solas potoloegia litzateke naski. Hau ez baita Palestina. Bertzerik gabe, gure haurrendako diglosiako ikastaro trinko bat ari dira prestatzen gure Barbie eta Ken foralak. Ez baitira tontoak. Haurrak, erran nahi dut. Eta aise ohartuko dira etxean nagusi den hizkuntza horrek ez duela toki guzietarako balio. Kalean arrotz dela, eta, ikastolan berean, exotiko. Erraz konturatuko dira aita-amen ahotik ikasitako mintzairak egunkari bakarra duela, eta hura ere ezin ohiko okindegian eskuratu; erostekotan, metro estra batzuk inguratu behar direla ondoko kioskoraino. Eta telebistarik ez. Eginahal handirik egin gabe ikusiko dute gero eta aldizkari gutiago daudela eskuar hizkuntza horretan, eta fitekara jakinen dute etxean maiz aditzen den irrati hori alegala dela, lizentziarik gabea.

Genozidioa hitz beltzegia litzateke naski. Bertzerik gabe, dena prestatzen ari dira gure seme-alabak gu baino azkarrago izan eta, egun batean, beren seme-alabei espainolez edo ingelesez edo euskarak baino sintaxi sozial sinpleagoa duen bertze edozein hizkuntzatan egitea hauta dezaten.

Askatasun osoz, jakina. Hemen inork ez baitigu deus ere debekatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.