Erakuts ditzadan karta guztiak: ez dut fideltasunez jarraitu Transición y democracia en Euskadi izeneko erreportaje saila. Ez, behintzat, osotasunaren gaineko iritzi bat eman ahal izateko. Hasi atal bat baino gehiago, bukatu baino lehen abandonatu denak. Hala ere, meritua aitortzen diot: iruditzen zait Alderdi Popularrak babestutako gobernu sozialistaren apusturik behinena dela euskal telebistari dagokionez, azken urteetako gure historiaren errebisio —errebisionismo, esan diote batzuek— eta kontakizuna finkatze bat fermuki egiteko saioa den neurrian.
Ostegun gauekoa ikustea erabaki nuen, batetik, jesus, behintzat kapitulu bat hasi eta buka ikusi dudala esateko. Eta bestetik gaiak gertutik hunkitzen ninduelako: 60etako esnatzea abiapuntu, 80ko hamarkada bitarteko euskal literaturaz, euskal arteaz, euskal kulturaz oro har ari behar zuelako. Eta aritu zen, alajaina, teleikusleari garai-gaiari buruzko irakaspen bat baino gehiago emanez gainera. Esaterako Gabriel Aresti, Orixe, Martin Ugalderekin batera, Juan Larrea, Ernestina de Champourcin, Angela Figueroa Aymerich direla euskal idazle ezinbestekoak; Ibarrola dela, zalantzarik gabe, euskal artistarik handiena, Ramiro Pinilla idazlerik handiena den bezala; eta Txillardegi eta Jon Mirande —Mirande frantximanta!— ez direla uste genuen bezain garrantzitsu.
Baina irakaspena orokorragoa izan zen, kontzeptzio bertatikoa. Orain arte azaldu dudan guztia lastoa baino ez zen izan, betelana, azken minutuetan pasa zuten mezuari bide egiteko aitzakia. Oteiza aitatu zuen Gabilondo aurkezleak, nola erakutsi zuen «que se puede ser vasco sin ser euskaldun». A, hor jarri zen kontua interesgarri: «escritor vasco» nor da, gaztelaniaz idazten duena, edo soilik euskaraz idazten duena? Logikak eta sen onak diote «en el país de los vascos» bizi dena dela «escritor vasco», nahiz gaztelaniaz idatzi, euskaraz, frantsesez edo ingelesez. Baina gauzak ez omen dira hain errazak. Raul Guerra Garridok —gure beste idazle handietako batek— ja 78an idatzi zuen Egin egunkarian: gaztelania erabiltzen duten idazleak marjinaturik daude hemen. Eta, noski, ez da hizkuntzen arteko borroka, ideologia baten hegemonia baizik. Ño, eta ordubete behar da hori esateko? Zenbat diru-denbora xahutuko dute oraindik negarrari negarra gehitzen jarraitzeko?
Komunikazioa. Ekografiak
Negarrari negarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu