Gizakiak berez duen optimismoaren aldeko joerari «isuri optimista» esaten zaio psikologian. Joera horren harira, gehienok uste dugu gertaera okerrak, gaixotasunak, ezbeharrak… besteei gertatuko zaizkiela errazago guri baino. Areago, isuri horri esker, gehienok pentsatzen dugu bataz besteko pertsonak baino azkarragoak garela, segitzen dugu tabakoa erretzen edo telefonoa erabiltzen dugu gidatzen ari garen bitartean. Horrek bultzatzen gaitu hainbatetan era irrazionalean jardutera, alegia arriskuak gutxiestera eta berandu erreakzionatzera. Ikusi denez, burmuinaren ezkerreko hemisferioaren aurreko aldearen beheko aldean kokatzen da isuri edo joera horren sustraia. Areago, arriskuak behar bezala kontuan ez hartzera eraman gaituena iraganean ezinbestekoa izan da gizakion eboluzio eta garapenean. Espezie bezala etengabe arriskuak hartu ditugu, eta horri esker mundu osora zabaldu gara eta arrakasta izan dugu.
Baina aldeko ezaugarria izan dena aurkakoa bihur daiteke ez bada behar bezala erabiltzen. Hori gertatzen ari zaigu, antza, klima aldaketaren arazoarekin. Zientzialariak alerta jotzen hasi zirenetik hamarkadak igaro dira. Neurriak hartzeko erabakiak hartu izan dira maila guztietan, baina behin eta berriro ez dira bete. Klimak segitu du berotzen etengabe, eta alertak behin eta berriro iritsi dira zientzialarion ahotik baina, antza, alferrik.
Aurtengo udako beroak aurreko marka guztiak apurtu ditu Artikoan eta munduko leku askotan, Euskal Herria barne seguruenik. Horri esker irailaren erdialdean, Artikoko itsasoen izotza orain arte ezagutu zaion hedadura txikienera iritsi da, eta, gainera, urtu ez den leku askotan inoizko lodierarik txikiena du. Hedadura aldetik, duela berrogei urte jarraipena egiten hasi zenetik, guztira lau milioi kilometro karratu baino gehiago galdu ditu itsasoko izotzak Artikoan; alegia, Iberiar penintsula zortzi aldiz.
Orain dela hogei urteko uztaileko arratsalde batean Twin Otter bi helizetako hegazkin batean, Artikoko Axel Heiberg irlako 30 kilometro luzeko Glacier Fiordean barrena nindoan. Irla horren barrualdean izotz metaketa handia dago, eta bertatik hainbat glaziar abiatzen dira kostalderantz. Uztail hartan, abioiaren leihatilatik miresten nuen nire azpiko fiordo luze hura erabat izoztuta eta menditik bera itsasoraino jaisten ziren glaziarrak. Azken horiek itsasoko izotza apurtu, bultzatzen zuten eta barrena sartzen ziren. Bertara gu iritsi aurretik ehunka kilometro egin genituen itsasoen gainetik, den-dena izoztuta. Kanpamentua fiordoaren buruan jarri genuen, kostatik kilometro batera edo, izotzetatik libre zegoen parajean. Inguruan zazpi glaziar eder ikusten nituen, ia ukitzeko bezain gertu. Inoiz, itsasoko izotza zartatu egiten zen fiordo osoaren zabaleran zehar, eta hiru edo lau kilometroko arrakala luze jaiotzen zen trumoi baten zaratarekin batera.
Aurtengo argazkietan, Glacier Fiord ia izotzik gabe ikus daiteke, itsaso urdina eta iceberg batzuk. Handik hegoaldera berdin, itsaso irekiak. Hainbat mendetan ezbeharrak baino ekarri ez dituen Ipar Mendebaldeko Pasabidea garbi agertzen da. Bertatik, duela sei bat urte pasatu zen lehenengo aldiz itsasontzi bat Atlantikotik Alaskaraino nabigaziorako bidea irekiz, hainbat menderen saiakeren ondoren. Orain arte, Europatik Asiaren ekialdera joan nahi zuten itsasontziek, Panama edo Magallanes itsasarteko bidea hartu behar zuten. Artikoko izotzak urtzean, nabigaziorako bide berria zabaldu da, aurrekoak baino dezente motzagoa. Hau onura bezala ikus dezakete hainbatek, baina eskualdera hainbat arazo berri ekarriko dizkio bertako Naturari eta bertako biztanleei. Gainera, orain arte geologikoki gutxi ustiatu den eskualde hori iristeko erraza bihurtzen ari da. Hortxe daude, petrolio-konpainiak eta meatzaritako enpresak izotzak urtzearen zain. Klima asko berotu da, eta askoz gehiago berotuko da, eta izotzak inork espero baino azkarrago ari dira urtzen. Baina gutxi batzuentzako onurak izan daitezkeenak gehienentzako kaltegarriak izango dira. Hala ere, segitzen dugu behar besteko neurriak hartu gabe, segitzen dugu «isuri optimistaren» jarrera izaten eta Neron enperadorea bezala lira jotzen, ohean etzanda, mundua berotzearen espektakuluarekin liluratuta.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Neron klima aldaketaren lira jotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu