Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Norena da liburu potoloa?

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ezin sinetsi nago. Orain ohiko zizka mizka bihurtua zitzaidala; orain bazkalaurreak apetatsuago egiten zizkidala; orain murtxikatu gabe irensten nituela bazterkin, parekatze, pantaila probak; orain, azken batean, gustua hartzen ari nintzaiola, orain kendu egingo omen dute Patricia Gaztañagak gidatzen duen Voy a mil lehiaketa. Estreinatu eta hilabetea pasa ez denean, gainetik. Oraingoz, behintzat, ordua aurreratu diote atzotik aurrera: Robin Food jarri dute orain —eta garai bateko ordutegia errekuperatuz— Teleberri hasi baino lehen, eta Robin Food hasi baino lehenago Gaztañagarena. Atzo, telebista piztu nuenean hortzak izerditzeko, hara, lehiaketa maitearen partez non erakusten zigun David de Jorgek basurde-buru entsalada nola prestatu —eta ez zen Guarrindongadas ataleko errezeta—.

Gero jakin ditugu erabakiaren motiboak, edo gutxienez motiboen zurrumurruak. Noticias taldekoek diote ETBren barruko borrokaren batek izan dezakeela errua. Profesionalki muturtuta dabiltzala ETBko zuzendari Miguel Angel Idigoras eta orain gutxi edukien buru izendatu duten Pello Sarasola. Eta azken horrek ETBren audientzia pixka batean igo duenez, eta azken horrek ekarri zuenez Gaztañaga berriz etxera, bada, norbaitek atzetik sartu nahi izan diola. Eta programa kentze honekin bukatu den borroka zuzendaritzako norbaitek —zuzendaritzak, ekoiztetxekoek eta aurkezleak berak zekitelako soilik— aurkezlearen soldata gastronomikoa filtratu zuenean hasi zela.

Vocento taldeko egunkariek diote izan dela sare sozial birtualen indarraren erakustaldi berri bat. Robin Food saioko aurkezle De Jorgeri Gaztañagak ordutegia kendu ziola eta, kanpaina hasi omen zuen Twitterren, ordutegi zaharra —eta ona— berreskuratzeko asmoarekin. Kontua da berreskuratu duela —besterik da, bide batez, etxe bereko programa bati ere kalte egin diola— eta baten batek meritua egotzi nahi izan diola sareko kanpainari.

Gauza da erdian harrapatu dutela Gaztañaga gaixoa, inongo errurik ez eta besteren platerak ordaindu beharko dituela. Hori bai, mendekua hartu zuen joan den ostiraleko saioan. Galderetako bat zen: Norena de liburu potoloa? Eta erantzunen artean, Petete zuzenaz gain, Espinete eta, adi, David de Jorge. Eta otu zitzaidan ez dagoela horrelako barne borrokak kanpotik ikustea baino gauza dibertigarriagorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.