Zutabe hau irakurtzen duzunerako, irakurle maite, litekeena da aurtengo sanferminetako azken entzierroan azken zezenak dagoeneko korritu izana —gaupasaz irakurtzen ari bazara zutabea, irakurle maite, agian grazia eta guzti egingo dizu azken esaldi horrek—. Lastima da zortzi egunen buruan etxekotu diren animaliok kolpetik desagertzea; zer edo zer faltan sumatuko dugu bihar esnatzean —nahiz, suerte pixka batekin, geroago esnatuko garen—. Azken batean, sanferminak distantziatik bizi ditugunontzat telebistako entzierroak baitira ia ordezko bakarra —txokolatea gaupasero askorentzat bezala—.
Grazia egin zidan irakurtzeak: sanferminetako entzierroak Eurokopa berria direla esan zuen telebistaren gaineko kontuetan aritzen den kazetari batek. Suposatzen dut ironia poxi batekin, nahiz eta nik ez nion harrapatu —ez da beti erraza ironia harrapatzea 140 karakteretan—. Eta esan zuen entzierroek sekulako ikusle kuotak izan dituztelako, %70aren bueltakoak sarri, luze gabe gurean. Gran Hermano-ren finalak %26,3koa izan zuen.
Txantxarako ondo dago, baina telebistaren gaineko kontuetan aritzen den kazetari horrek jakingo du ikusle kuota handiak ez duela derrigor ikusle kopuru handia adierazi nahi: saio bat ikusten duen publikoaren zatia neurtzen duela ikusle kuotak, momentu horretan telebista ikusten duen publiko osaren aldean. Gerta daiteke, beraz, saio batek ikusle kuota handia izatea eta ikusle gutxi, eta beste batek ikusle kuota apalagoa, baina askoz ere ikusle gehiago. Ez baita gauza bera goizeko zortzietan programatzea edota 22:00etan. Bestela, erraza luke ETBk: entzierroen eskubideak eskuratu, edo TVErekin partekatu —euskarazko katean emanik, gainera, ez litzateke inorentzako lehia—, eta, listo, akabo agintarien burukominak.
Beste gauza bat da ikusle kuota horiek nola eskuratzen diren, oro har, audientziak. Unai Brea kazetari eta joaldunak idatzitako artikulu argigarri batean irakur daiteke 350 audimetro daudela EAEn —Nafarroako eta Iparraldeko daturik ez dago—. Eta haien gustua omen da denona. Eta lagina txikia izan arren, denek ematen dute ontzat sistema. Eta zenbat injustizia egingo ote ziren ikus-entzuleen kontura, zenbat saio eskasi eutsi, eta zenbat baleko kondenatu sutara. Obsesio, behar eta aitzakia bihurtu den audientziaren kontura.
Komunikazioa. Ekografiak
Obsesio, behar eta aitzakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu