Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Oinarrizkoak eta ordezkaezinak

2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Txostena da: telebista publiko autonomikoen egitekoa Espainian. Eta ezer baino lehen esan dezagunFORTAk, hots, Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakunde edo Entitateen Federazioak agindu eta ordaindu duela. Eta, beraz, ulertzekoa dela ikerketaren ondorioak FORTAren interesen aldekoak izatea. Alegia, txostena telebista publiko autonomikoen ipurdia salbatzera etorriko litzatekeela, guraize hotsak hain ozen entzuten dituzten garaiotan. Informazio guztia eskuetan, ordea, esan beharra dago ikerketak ondorio nagusi bat duela: telebista publiko autonomikoak hurbiltasunaren, aniztasunaren eta kalitatezko edukien berme dira.

Txostenak jaulkitzen dituen beste hainbat ondorioren artean: zerbitzu publiko oinarrizko eta ordezkaezina direla, erkidego autonomoen errealitate sozial, kultural, linguistiko eta instituzionalaren ispilu eta bozgorailu; dinamizatzaile direla, erkidegoon errealitate kultural eta soziala herritarrari gerturatzen diotelako, eta horrek esan nahi duelako egituraketa eta partaidetza sentimendua, eta, ondorioz, elkarbizitza maila eta kalitatea areagotzea; ikus-entzunezkoen industriaren eta berrikuntzaren motor direla; eta abar. Hizkuntzari dagokionez, ondorioztatzen da telebista publiko autonomikoetan hizkuntza koofiziala erabiltzea nahitaezkoa dela normalizazio linguistikoari begira, eta ordezkatzen dutela hizkuntza horren erabilera sozialaren hedapen beharrezko eta naturala; hizkuntza koofizialen erabilera bultzatzeko tresnarik indartsuenetako bat direla; eta, hori guztiori, ahantzi gabe lehen esan duguna, erkidego bakoitzaren hizkerak sustatzen duela identifikazio sentimendu eta gertutasun handiagoa. Alegia, beren sorreran ezarri ziren helburuak argiro betetzen dituen zerbitzu publiko direla telebista publiko autonomikoak.

Eta txostenak hala badio, hala izango da. Zutabe hauetatikegin izan dugu inoiz emendakinen bat, baina tira. Eta ondorioak horiek diren edo bestebatzuk eztabaidatzen hasi beharrean, jakinik txostena nondik datorren eta zertara, iruditzen zait abiapuntu moduan ezdaudela puntu horiek —eta gehiago— hain gaizki ere. Hau da, premisa moduan ondo legokeela hemendik aurrera ondorio horien arabera lan egitea, baldin eta oraindik sinesten badugu ETB gisako telebista publikoak direla oinarrizko eta ordezkaezin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.