Kuadrillako afaria bukatzen ari ginela, nire lagun Felix altxatu eta sardexka edalontzi baten kontra hasi zen astintzen. Balantzaka ez, baina argi zegoen apur bat mozkorturik zegoela.
«Ene lagunok, kuadrilla maitea, inoiz ez da beranduegi. Gure ondoan, Xabier Etxaniz Rojo dugu, idazle ona eta pertsona hobea. Xabier eta bere pipa betierekoa. Eta nire ustez bada garaia Xabierri eta bere pipari inoiz egin ez diegun eta merezi duten omenaldia egiteko.
Izan ere, Xabierren pipa tabakoa ez da, soilik, herentzia beneragarri bat, ezpada bizirik dagoen ohitura bat eta, horregatik, bere duintasun kulturala denoi dagokigun eginkizuna da.
Euskadin, bortizkeria amaitu den honetan, denok erre nahi dugu, baina denon artean, askatasunean, izan dadila Xabierren pipa tabakoa elkar hartzeko eta elkarbizitzarako bidea eta aitzakia. Betiere, tabernatik at, jakina.
Lagunok, Xabierren pipa ez da horma bat, ezpada zubi bat. Eta etorkizuna du zain».
Non sartu ez nekiela, txalotu egin nuen.
Hurrengo egunean, hots egin nion nire lagun Felixi.
-Felix, hiri ez zaik tabakoa gustatzen, ez dakik pipatzen, ez duk inoiz pipatuko eta bost axola zaik pipa erretzaileon mundua. Zertara zetorren atzokoa?
-Arrazoi duk, Xabi. Ez zakiat zer gertatu zitzaidaan. Lasai nengoan afaltzen eta, halako batean, RAEk euskarari egindako omenaldian Espainiako Hezkuntza Ministroaren hitzak etorri zitzaizkidaan gogora. Eta derrepentean zutitu ninduan…
Maratila
Omenaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu