Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Ondorengoarentzat

2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
ETBren inguruan azken asteotan ematen ari den eztabaidan ahots bat falta zen: ETBko zuzendari nagusi Alberto Surio jaunarena. Eta igandean entzun genuen, Deia berripaperak argitaratutako elkarrizketan. Elkarrizketak ping-pong partida bat ematen zuen, tarteka kick boxing borroka bat. Aspalditik ikusten zen Deia eta Surio ez zirela erabat ondo ezkontzen—edo bai, kalapita da matrimonioari iraunarazten diona—. Sarrerako lehen esaldia, jada, adierazgarria: EITBk Surioren agintzaldiko azken urteari egingo dio aurre. Urtebete, horixe da oraingo zuzendari nagusiari kargu horretan geratzen zaion denbora. Suriok berak badaki.

Eta, halere, elkarrizketan agertu zen harro; antza, konforme orain artean egindako lanarekin, bular hanpatu apurra erakutsiz ETBk azken neurketetan izan duen gorakadatxoarekin. Kazetariaren ziztada guztietatik ihes egin nahian, nolabait; atzera begiratzeko batere gogorik gabe —amildegia daukanaren jakitun— eta LTDari emanez audientzia erraustearen errua. Euskararen inguruan ere esan zuen zer edo zer, betikoa: lasaitasunez hartu behar dugula audientziaren berreskuratzea eta euskarazko kateari publikoki eman beharreko bultzada berria. Beti euskararen geroko uzte hori, beti. Hori bai, ondo ikasia zeukan pasatu beharreko mezu orokorra: telebista indartsuago bat utziko dute ondorengoarentzat. Eta nik sinetsi.

Eta horrela dugu ETB. Joan den astean bota genuen boutade-a: irrati-telebista publikoen izaera publikoa babesteko prest ez baginen, hobe genukeela horiek kendu eta esparru pribatura eramatea, prentsa idatziarekin gertatzen den bezala. Probokazio bat zen, noski, ez nago ni ezer kentzeko eskatzen inondik ere, dagoena txukuntzeko baizik. Eskerrak, dena den, Europako Kontseilua gai horren inguruan mintzatu den —eta ez dut uste zutabearen ondorioz izan denik—: «pluraltasuna arriskuan legoke hedabide publikorik gabe». Bada, hori.

Eta aurten beteko direla 30 urte ETB martxan jarri zenetik. Surioren hitzetan kontsentsu handi bat behar da ETBren inguruan, gutxienez, beste 30 urterako. Baina, noski, alderdi politikoak izango dira Legebiltzarrean telebista publikoaren eredua definituko dutenak. Ez dakit, adosten duten lehen puntua izan liteke telebista publikoaren eredua definituko dutenak, hemendik aurrera, gaian aditu direnak izatea politikariak izan beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.