Duela egun batzuk gaztelaniaz argitaratzen den egunkari batean zientzialari batzuek kafearen eraginari buruz egindako azterketa baten berri zetorren. Azterketa serioa da, AEBko Minbiziaren Zentro Nazionalean lanean diharduten zientzialariek egindakoa, hain zuzen ere.
Zer da, bada, orduan zutabetxo honetan gaur aipatu nahi dudana? Oraingoan bi alor nahasten dira, eta horrek ekar ditzakeen ondorioak aipatu nahi nituzke. Artikuluaren goiburuak zioenez, egunoro hiru kafe hartzeak zahartzarora iristen laguntzen omen du. Badirudi aztertutako gizonezko eta emakumezkoen artean kafea hartzen zutenek (batez beste hiru egunean) aukera txikiagoa zutela bihotzekoak, diabetesak, edo beste istripu baskularren baten ondorioz hiltzeko. Aipatzekoa da azterketa hasi zutenean helburua ez zela hori frogatzea, minbizian kafeak izan dezakeen eragina aztertzea baizik. Hori ere metodo zientifikoaren ezaugarrietako bat da. Gizakion historian izan diren aurkikuntza zientifiko garrantzitsu gehienak ez dira nahita lortutakoak izan; zerbait aztertzen hasi, eta gertatutako istripu edo akatsen batek bilatzen ari ez ziren emaitzak eskaini dizkie zientzialariei. Oraingoan ere kafeak minbizian izan dezakeen ondorio garbirik ez dute aurkitu; aldiz, beste gaitz batzuen gainean eragin positiboa izan dezakeela antzeman dute.
Baina bada bestelakorik ere aipatzeko, artikulu luze eta sakon edozeini, goiburua ipini behar zaio, eta goiburuak irakurlearen arreta bereganatu behar du. Hori normala da, baina kontuz, esaldi potolo eta inpaktanteen atzean letra txikia era irakurri behar baita. Ikertzaileek aitortu dute lortutako emaitzak kontu pixka batekin hartu behar direla, eurek dioten moduan, egindako azterketak bere mugak dituelako.
Kontuan hartu beharreko lehenengo muga zera da: jasotako datuak une jakin batean aztertutako kideek esandakoak dira, ez dago daturik epe luzeagoan pertsona horiek dituzten kafe-ohiturei buruz. Bestalde, ez da bereizketarik izan kafeinadun kafea eta kafeinagabea hartu dutenen artean, ez eta kafea nola egin den ere (presiopean, iragazita edo lapikoan irakinda). Ikerlariek egindako adierazpenetan ez dira ausartzen kafea eta hiltzeko arrisku txikiagoaren artean erlazio zuzena dagoela esatera; bai, gutxienez, kafea hain kaltegarria ez dela.
Metodo zientifikoaren ezaugarriak horiexek dira: laginak ongi aukeratu behar dira, aztertu nahi den faktorea besteetatik bereizi egin behar da, aztertutako laginaren tamainak nahikoa handia izan behar du estatistika aplikatu ahal izateko... Eta horrek guztiak ematen dio seriotasuna eta ziurtasuna metodo zientifikoari. Usteak ez du balio, irudipenak ere ez, serio aztertutako emaitzek balio dute soilik.
Azterketa 400.000 lagunekin egin da; hori azterketa serioa da, baina ondorio zehatzagoak ateratzeko datu gehiago beharko lituzkete. Gainera kafe arruntaren barruan mila osagai baino gehiago daude; behar bada, ez da kafeina osasungarri gerta litekeena, beste osagairen bat baizik. Auskalo.
Ni neu kafezalea naiz, beraz, hain kaltegarria ez bada, kafea hartzen jarraituko dut.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Ondorio zientifikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu