Maratila
Oniropolis
Hiri onirikoa. Kimeriketan kokatzen dena. Espaziotik at, eta denboratik kanpo den hiria da Oniropolis. Poetek eta pintoreek pintatu izan dituzten mundu galduetan da kokatzen. Atlantidan, adibidez. Gisa guztiz, Oniropolisera heltzeko bidaiatu behar izaten da existitzen ez diren lurraldeak trebesatuz. Itsaso galduak. Artxipelago fantastikoetan koka daiteke. Berdin irla bakartiarretan. Biharko kartografia asmatuetara joan behar batzuetan haren bila. Edo ja existitzen ez diren mapa arras zaharretara. Lurrak bere barneetan dituen leku beldurgarrietarik pasatuz ere hel daiteke hara. Piranesiren hiri asmatuak: Oniropolis. Piranesiren arkitektura berrasmatuak. Iraganeko tenploen espazio monumentalak. Dekorazio urbano barrokoak. Erabat fabulosoak. Gune asmatu horietan ez baitu Piranesik egiaztasun historikoa bilatzen. Piranesiren Oniropolisean kurri ibil gaitezke. Agertzen direla gure aurrean bainuleku antikoak, erromatar portuak, via aspaldikoak, presondegiak (Invenzioni capricciose di Carceri). Kartzela monumentaletan, zoradura sortzen duten eskailerak eta arkupeak... Clair-Obscur. Argilun. Gogorarazten dizkidate arras kontrako arkitekturak. Frédérick Kieslerren hitzetan bezala.«Eta gure hiriak? Paretak, paretak, paretak. Ez dugu gehiago paretarik nahi, ez dugu nahi gehiago gorputza eta izpirituak kuarteletan harrapatuak izan daitezen... Nahi duguna hau da: tentsio sistema espazio librean, espazio aldaera urbanismoan, oinarririk ez batere, paretarik ez, lurretik airatu... Bizitzeko ahal berriak sortuz, sozietate berriak dira sortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu