Bostehun urtez, asteazkenero-asteazkenero herritarrei jatekoa ekartzen. Bada zerbait. Aditutakoak adituta, ez omen dakiguna da Ordiziako azoka edo feria den. Elikadura Hiztegira jo eta, hauxe aurkitu dugu, laburbildurik:
Azokak ez bezala, feriak 1.200 urte beteak ditu eta helburu komertzialeko sozial, ekonomiko eta kulturaleko gertaldia da, aldian behin (urtean behin, adibidez) toki jakin batean egiten dena, monografikoa, eskuarki (elikagai ekologikoena, makina-erremintarena, San Fermin feria Iruñean). Produktu nagusiaren inguruan hainbat denbora-pasa eta ikuskizunak (jokoak, oturuntzak) eskaintzen zaizkie bisitariei, doan edo diru truk.
Erdi Aroan, denda finkorik ezean, saltzaileak herriz herri zihoazen gaiekin tratua eginez, lapurrez josiriko hamaika bide aldrebes zeharkatuz. Horrek arazoak zekarzkion herritarrari (jana, jantzia, tresneria… nola eskuratu) eta merkatariari (non, nola, nori saldu). Segurtasuna zen kontua: saltzailea, generoak erosi eta legoa batzuk eginik, bide bazter batean dena galtzearen beldur zenez, agintariak emaniko pribilegio gisa eta notarioa aurrean zela, salerosketa seguruak toki eta egun finkoetan egitea hedatzen hasi zen IX. mendean. Agintariek saltzen zuten merkatari aritzeko baimena; horrela, saltzaileak iruzurrik ez egiteko eta erostunak dena ordaintzeko elkarri agintzen zioten jende aurrean. Feria (latinez, jaiegun zen arren, astegun, ohikotasun bilakatu zen) gertakari handia zen: eskualde edo herrialde arteko mailakoa, urtean behin (Urteberri) edo bitan (San Fermin eta San Fermin Txiki) egiten zen, astebetez bederen (saltzaileak urrutitik zetozen, karga-karga eginik) erlijio ospakizunekin lotuta, maiz. Zenbaitetan txandakakoak ziren: lehen astean mihiseak, bigarrenean lanabesak, hirugarrenean gai exotikoak (lurrinak, espeziak), laugarrenean ordainketa.
Feria kontzeptua ez da uniformea izan historian: feria soiletik (herriko jaiburuetan, saltzaile ibiltari, komiko, nekazari eta begiraleen ohiko bilera) hasita, Europako negozio itzel ororen derrigorrezko gune handietaraino (Champagne, Bordele). Gurean, 1466an Elo (Nafarroa) herriari erregek pribilegiozko karta eman zion:«... kristau, judu edo mairu izan, gizon edo andre izan, nornahik du merkatura joateko, bertan izateko eta bertatik etxera itzultzeko eskubidea, bai herritarrek, bai kanpotarrek, beren ondasun, hornidura etagauzak harturik, eta azoka bidean … ezin direla atxilotuak gertatu eta ezin zaiela lepoa egin...».
Zorionak, Ordizia, heldu sustraiei!
Elikadura. Hazkurri kontuak
Ordizia gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu