Nafarroako Gazte Kontseiluaren bulegoan tomateak, letxugak, piperrak, erremolatxak, marrubiak eta sendabelarrak landatu dituzte gazteek loreontzietan eta «ortu ofizinala» izena eman diote. Ofizinala, bulego batean dagoelako eta ofizinala botanikan officinalis sendabelarreiaplikatu ohi zaielako. Bulego hau Iruñeko erdi-erdian dago, etxe baten laugarren estaian eta hegoaldera ematen dute bertako leihoek. Ekimen honen bitartez gazteek arreta deitu nahi dute egun bizi dugun egoeraren inguruan. Izan ere, azken hamarkadetan hormigoiak eta asfaltoak baratzei leku handia kendu diete nonahi. Atzera egiten badugu 50 urte, Euskal Herriko hiri eta herri askoren argazkietan baratzak ikus ditzakegu kale eta etxeetatik gertu edo nahastuta. Nork ez ditu Bilbon gogoratzen Deustuko tomateak?
Aurreko astean, Iruñean Hiriko eta hiri inguruko nekazaritzari buruzko topaketa egin zen, eta bertan aztertu zen gai honen egungo egoera eta etorkizuna. Ezagutzera eman ziren Parc Agrari del Baix Llobregat eta Gasteizko adibide eredugarriak. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko ordezkariak, bestalde, baratzeek nola egin duten atzera Iruñean erakutsi zuen. Izan ere, duela 50 urte Iruñean jaten zen barazki gehiena bertan ekoizten zen, eta iruindar bakoitzari zazpi metro karratuko baratzea zegokion. Gaur egun, 1,2 metro karratukoa tokatzen zaio. Baina gauzak oraindik gehiago oker daitezke, Arantzadiko meandroan Iruñeko udalak egitasmo berri bat egitea onartu baitu, eta ondorioz iruindarrei ortu gutxiago geratuko zaizkie hirian.
Arantzadiko egitasmoa gatazkatsua bihurtu da bi filosofia aurrez aurre jartzen dituelako, alegia, hiriaren garapen moderno baten aldekoak eta garapen berde baten aldekoak. Dena den, azken urteotako joerak ari dira neurri batean aldatzen. Izan ere, gero eta tomate zein letxuga gehiago ikus daitezke hirietako balkoi eta terrazetan egun, Euskal Herrian jarrera hori oraindik gutxi zabaldu bada ere. Munduko beste hainbat tokitan askoz zabalduago dago ohitura hori. Esaterako, AEBetan jende askok du ortu txikia etxearen atzeko aldean. Azken urteotan, gainera, ortuak etxe orratzetara ere zabaldu dira. Ekimen bat aipatzearren, New Yorkeko Brooklyn auzoan Eagle Street Rooftop Farm izeneko egitasmoa garatu dute, eta ari dira barazkiak ekoizten etxeen terraza eta teilatuetan. Bertan ekoizten den guztia ekologikoa da, bertako merkatu batean saldu eta inguruko zenbait jatetxetan erabili. Egitasmoan parte hartzen dutenen hitzetan, kaleen espaloietatik ikusten ez bada ere, zerutik ikusita kolorea aldatu nahi diote hiriari. Kolorea ez ezik, bizi-filosofia ekologista bultzatu nahi dute, eta hiriak berreskuratu barazkiak ere ekoizteko. Nolabait, «lurrera» itzultzeko filosofia da eta barazkiak gain, arrautzak eta oilaskoak ere, besteak beste, ekoizten dira terrazetan.
Teknologia berriak ez dira atzean geratu, eta jada Apple etxeak aplikazio bat sortu du telefonorako, iHuerting izenekoa hain zuzen ere. Aplikazio informatiko honen bidez, erabiltzaileari aholkuak ematen zaizkio norberaren baratzaren beharrei buruz, hala nola, noiz ureztatu, nola zaindu, egon daitezkeen arazo eta eritasunei nola aurrea hartu, zer landatu eta noiz, eta abar. Dena ekologikoa.
Hirietako baratze eta ortuak oraindik gutxi garatu badira ere, hainbat tokitan oso serio ari dira hartzen. Londres, Paris, Hanoi, San Frantzisko, Detroit, Berlin, Dakar edo Caracasen, esate baterako, garatzen ari dira egitasmo indartsuak hirietan eta hiri inguruetan barazkien ekoizpena bultzatuz. Orain beteko dira zazpi urteFAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea kalkulatu zuenetik, munduan, soilik hirietan, 700 milioi tona barazkiekoizten zirela. Zentzu honetan, mikro-ortuak eta ortu komunalak egia dira munduko leku askotan. Euskal Herrian ere poliki-poliki ari dira ekimen pribatu zein publikoak zabaltzen zenbait herritan. Balkoietan hasi dira barazkiak ikusten eta herri batzuen lorategietan barazkiak eta ortuak. Kasu bat aipatze arren, Noaingo Zentzumenen Parkea ekarriko dut hona eredugarri iruditzen baitzait.
Aurten Energia berriztagarrien nazioarteko urtea da eta aste honetan bertan, Munduko Ingurumenaren Eguna ospatu da. Biek erakusten dute ingurumenaren aldeko kezka. Ez daitezela gera aipamen hutsetan soilik gure artean. Badago zer egin krisi ekonomikoko garai hauetan ere eta guztiok egin dezakegu, hortxe, bestela gure etxe eta bulegoetan ortuak sortzeko proposamen ludiko, hezitzaile eta, zergatik ez, ekonomikoa ere.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Ortu 'ofizinala'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu