Printzearen gosaria, langilearen bazkaria, eskalearen afaria.
Aje-garaiei amaiera emateko, sansebastianak, zanpantzarrak, santa-eskea, inauteriak… sua, burrunba eta jan-edana. Egurra!
Okerrena, horien ondorioak nozitzen dituztenentzat: gerri buelta, gibela, junturak, urdaila, zirkulazioa…Mendira, bai. Ariketa egitea ezinbestekoa dugu gaitz horiek uxatzeko, baina mendia ez da aski galdutako osasuna berpizteko, berreskuratzeko.
Eguneroko gure elikadurari errepaso orokorra emango diogu, ur sakonegietan murgildu gabe, baina eredutxo bat proposatuz, ea.
•Gehiegizko azukreak, bazterrera: opilak, edari freskagarriak, gozokiak, otorduez kanpoko zizka-mizkak, postre industrialak, gozoak ez diren arren azukrea daukatenak (tomate saltsak, tonikak, hestekiak).
•Haragi gorri gutxiago. Haragi gutxiago. Okelaren ordez, arrain-itsaskiak eta landarezkoak. «Zorri hil berpiztu» (edo aberastu berri) gisa bizi nahi dugunez, okela dugu elikagai gogokoena. Baina horrek hezurretako karea galarazten du, adibidez. Astean, egun pare batez, lekaleak (indaba, dilista, barbantzuak), labore (arroz, ogi, talo…) eta entsaladarekin, sardexkari jai emanik.
•Eguartean, goiz erdian, arratsaldean… kafe eta opilen ordez, eskukada txiki bat fruitu lehor (intxaur, hur, amandak).
•Txokolatea bai, baina beltza, esnegabea. Kakaoak dituen bertute eta dohain guztiak esneak galarazten dizkiolako.
•Fruta, bada ezpada, otorduz kanpo: ordubete jan aurretik edo janaria egin denetik bi ordura. Horrela ez dio digestioari kalte egingo.
•Aurten trans gantzik ez: partzialki hidrogenaturiko landarezko olioak (kakahuete, palma, koko) osagai dituen elikagairik ez. Kito. Koipe mota hori kaltegarriena duelako gure osasunak.
•Gatz gutxiago hartzen ari dira Mendebaldean luzeago eta hobeki bizi nahi dutenak.
•Hesteki (odolki, txorizo, txistor, saltxitxa…) gutxiago hartuta, arinago.
•Destilatuak (koñaka, rona, whiskia), tamainan. Gainontzeko alkoholdunak (sagardo, ardo, garagardoa…) ere bai.
•Kafea, gozatzeko bakarrik. Hortik aurrera, atsegin baino kalte handiagoa egingo dio osasunari.
•Ogia, ahal dela, integrala. Goxoa, asegarria, eskuan astuna, osasuntsua, zapore eta usain onekoa. Ez baztertu beti besteen (saltsa, bokata, pintxo) laguntzaile mutu izatera.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Osasuna: amets, promes, konpromisoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu