Agian horrelako albisteren baten zain gaude, ingurumen zein ekonomia arloetan intsektuek eta, oro har, biodibertsitateak daukaten garrantziaz ohartzeko. Euroaren alorrean hitz eginez gero, Frantziako INRA eta CNRS eta Alemaniako UFZ erakundeetako zientzialariek 153.000 milioi eurotan baloratu zuten intsektu polinizatzaileen lana, hau da, mundu mailan ekoizten den janariaren balioaren %9,5 (2005).
Gogora dezagun: polinizazio gabe ez dago fruiturik. Zenbait ortuari espezie eta fruta arbola gehienek, fruitua emango badute, intsektuen laguntzaren bitartez emango dute; ondorioz, uzta arrakastatsua izan dadin, intsektuen «tripa trukeko» lana ezinbestekotzat jo daiteke. Intsektu guztiak, ordea, ez dira polinizatzaileak; titulu hori eskuratze aldera, lorea ernaltzeko gai izan behar dute: janari bila dabiltzala, lorearen estigma (organo emea, obulua) eta anterak (organo harra, polena askatzen duena) ukitu behar dituzte, era horretan soilik gerta bailiteke ernalkuntza.
Polinizatzaileen artean, erleek leku berezia betetzen dute: alde batetik, haien jarduera nekaezina da —100 g ezti egiteko, erle batek 1.000.000 lore polinizatu ditu, 40.000 kilometroko bidaia luzean; lan hori egiteko, 25 g ezti besterik ez dute erabili elikagai modura—, eta, bestetik, hegaldi bakoitzean landare espezie jakin baten bila joaten dira, espezie horren polinizazioa —eta etorkizuneko fruituak— bermatuz.
Landa eremuak azken hamarkadetan jasandako eraldaketak efektu sakona izan du intsektu polinizatzaileetan: alde batetik, intsektuon habitatak suntsitu egin dira, eta, bestetik, nekazaritzan erabili diren pozoi kimikoek espezie asko ia desagertzera eraman dituzte. Horiek horrela, gaur egun esan liteke polinizazioa erlezainen esku dagoela: intsektu guztien populazioak nabarmen jaitsi dira, baina eztigintza dela eta, erleen populazioak era batean edo bestean mantendu egin dira. Erleak duela 144 milioi urte sortu ziren, eta haien kabuz bizi izan dira… gizakia azaldu zen arte. Gaur egun, iparraldeko herrietan ez dago erle basatirik, guztiak erlezain baten zaintzapean daude. Erle horiek, hain zuzen, naturako polinizazioaren zati handiena egiten dute: %80 inguru. Hona hemen nekazaritzarekin lotutako zenbait adibide: sagarrondoen kasuan, polinizazioaren %80 erleek egiten dute; madarien kasuan, %50; alberjiniaren kasuan, %60 eta almendraren kasuan, %90 (Valentziako datuak. Calatayud, F. Simó, E. 2005).
Intsektu polinizatzaileak ekosistemen giltzarrietako bat dira, ekosistemaren iraupenerako funtsezkoak. Nekazaritzak intsektuen aurka egiten duen gerra kimikoaren ordainak bueltan datoz: polinizatzaile eskasia dago, eta, ondorioz, zenbait uzta arriskuan daude. AEBetan, erlezain batzuk fruta arbolak polinizatzeaz bizi dira, haien erlauntzak milaka kilometroz kamioi handitan garraiatuz. Hemen, erlezainen afizioari esker —gutxi baitira profesional moduan erlezainak direnak—, gure sagasti, gereziondo eta beste lerden eta emankor mantentzen dira. Bada garaia erleak dagokion garrantzia jaso dezan.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Polinizatzaileak greban?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu